GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

EUSKAL HERRIA ZUZENEAN, IDAUZE MENDIN

Herritik herriarentzat egindako festibalak gaur itxiko ditu ateak

Festibal euskalduna, askotarikoa eta zabala da Euskal Herria Zuzenean. Herritarra ere bai, eta horren erakusgarri argiena jaialdiaren inguruan batzen diren 700 laguntzaileak. Milaka watt eta argi dirdiratsuen artean ezkutatzen dena ezagutzeko parada izan du GARAk, musikaren bolumena alde batera utzi eta jende artean murgiltzeko.

p06_f02_251X133.jpg

Koldo OTAMENDI | IDAUZE-MENDI

Euskal Herria Zuzenean, herritik herriarentzat eginiko festibala dugu. Aski ongi nabari da hori antolakuntzan eta bertako giroan. Alde horretatik, jaialdia aurrera ateratzeko ezinbesteko diren laguntzaileen papera funtsezkoa izaten da. Duela astebete hasi ziren landak egokitzeko saioak eta agertoki ezberdinak paratzeko lanak. Orotara, ehundik gora lagun aritu dira egokitze lanetan, eta jaialdiak berak irauten duen hiru egunetan 700 bat izan dira modu batera edo bestera, borondatezko lana eginez, festibala aurrera atera dadin beren ekarpena egiten dutenak.

Laguntzaileek aipatzen dutenez, aberasgarria da festibalean modu honetan parte hartzea, «gu laguntzera gatoz, baina trukean esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera ematen digu festibalak. Aparkalekua zaintzen orduak ematen dituzu akaso, baina ordu horietan jende berria ezagutzeko parada ere baduzu». Nagusiki Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gazteak izaten dira laguntzaile lana egiten dutenak, baina ugariak dira Euskal Herriko beste hainbat tokitatik etortzen direnak ere, besteak beste, Donostiako, Arrasateko, Bilboko eta Atarrabiako gazteak hurbildu dira aurtengoan.

Ikusleak ere leku askotatik etortzen dira, antolatzaileek diotenez, festibalaren lehen urteetan ugariagoak ziren Estatu frantsesetik gerturatzen zirenak. «Egun ere hala izan arren, gero eta gehiago dira Arabatik, Bizkaitik, Nafarroatik eta Gipuzkoatik etortzen direnak, bai eta urrutiagotik etortzen direnak ere». Jatorri anitzetako jendeak hizkuntza zein euskalki anitz elkartzen ditu bertan, baina horrek ez du jendearen arteko komunikazioa oztopatzen. Guztiz kontrakoa gertatzen da festibalean; euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez, bai eta keinu bidez etengabea da jendearen arteko hartu-emana jarrera irekiari esker.

Dagoeneko hamahirugarren edizioa du festibalak, ez da atzo goizean sorturikoa beraz, eta urte hauetan guztietan milaka izan dira antolakuntzan edota ikusle soil gisa parte hartu dutenak. Ez da harritzekoa umea soinean duten gurasoak ikustea, edo belaunaldi ezberdinetako jendea elkarlanean ikustea edariak zerbitzatzeko paratutako barraren atzean.

Izaera bereziko festibal honek, arreta handia jartzen du ingurumenarekiko errespetuan, hala, edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeaz gain, komunetako hondakinak konposta egiteko erabiliko dira aurten. Besteak beste, edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeak %75 murriztuko du festibalean sortutako hondakin kopurua. Birziklapena ere oso presente da, lau koloretako zakar poltsek adierazten dute hondakin mota bakoitzaren leku zehatza zein den.

Bestetik, beste zenbait elkarte rekin elkarlanean, kondoia, drogak era burujabean kontsumitzeko aholkuak, belarrietarako tapoiak eta euskaratik frantsesera eta alderantziz itzulita diren esaldi erabilgarriak batzen dituen orritxoa barne hartzen dituen paketea banatzen dira festibalaren sarreran.

Gurean antolatzen diren tankera honetako jaialdietan ez bezala, musika aniztasuna da nagusi EHZ festibalean; rocka, hip-hopa, metal indartsua, ska, bluesa edo reggae gozoak inolako aurreiritzirik gabe uztartu daitezkeela erakutsi du festibalak. Ez dago molde bakarreko ikuslerik, bat egiten dute beltzez jantzitako txima luzeko gazteak, galtza erori eta baseball txapela daraman rapzaleak, hippy itxurako gazteak, larruzko txupa daraman rockero zaharrak edo ileak txurroz beteriko rastafariek. Aniztasun horren baitan, denak ere musika ulertzeko moduak batzen ditu, bai eta bestelako bizi eredu baten aldeko jardun zein izaerak ere.

Edizio honetan hogei musika taldetik gora arituko dira. Lehen akordeak abiatzen direnean, musikak ez du etenik. Egun eta gau osoan zehar jarraitzen du. Agertoki batean kontzertu bat den bitartean, alboko oholtzan, musika tresnak muntatu eta soinu probak egiten ari dira, jaialdi bizia baita EHZ.

Baina kontzertuez gain, badira bestelako emanaldi eta ikuskizun ugari ere. Animazioak eta giroak paper garrantzitsua jokatzen dute, EHZ ez baita gaueko festibala soilik. Hala, eguneko eskaintzaren barruan, graffiti tailerrak, film laburren proiekzioak, haurren xokoa, djembe ikastaroak ere badira, besteak beste.

Xibako finala

Egitarauaren baitan, Xiba herrien arteko euskal jokoa V. edizioko azken jaialdia ere ospatu zen atzo. Aurten bigarrengoz, Euskal Herri osoko 20 herritako 300 lagunek baino gehiagok hartu dute parte finalean. Giro alaia eta lagunartekoa izan zen nagusi bertso, dantza, herri kirol eta beste hainbat jokoren artean. Xibako kideek aipatu dutenez, «txapelketaren funtsa ez da talde garaile bat izatea, baizik eta guztiok batzen gaituen kultura eta ohiturak suspertu eta herrien arteko harremana bultzatzea». Alta, bakoitzari berea eman behar, eta aurtengoan Areatzako taldea izan da garaile, Ibarra eta Asteasu, berriz, bigarren eta hirugarren hurrenez hurren.

Zalantzarik gabe, musika da EHZeko protagonista nagusia. Hala ere, milaka watt eta argi koloredun dirdiratsuen atzean, presente da bizitzeko eredu aske baten aldeko izpiritua. Hiru egunetan zehar kultura ezberdinen topaleku da Idauze-Mendiko pentzea; esperientziak trukatzeko, adiskide berriak egiteko, Zuberoa ezagutzeko eta euskara zein Euskal Herria bera ezagutaraziz honekiko loturak sendotzeko aukera paregabea.

700 BOLUNTARIO

Azken asteotan, ehundik gora lagun aritu dira Idauze-Mendiko zelaietan egokitze-lanak egiten. Baina jaialdiak irauten duen hiru egunetan, zazpiehun bat dira modu batean edo bestean laguntzen dutenak.

AurrEIRITZIRIK Ez

Gurean antolatzen diren beste jaialdietan ez bezala, musika aniztasuna da protagonista EHZ festibalean; rocka, hip-hopa, metal indartsua, bluesa edo reggae gozoa inolako aurreiritzirik gabe uztar daitezkeela erakutsi du festibalak.

Toots & The Maytals eta Tonino Carotone izango dira gaur izar nagusiak

Ruper Ordorikak irekiko ditu gaur Idauze-Mendin arratseko zuzenekoak, hirurak jo bezain pronto. Oñatiko musikaria izango da hirugarren egunari bide emango diona, eta Esne Beltzarekin batera, euskal musika taldeen ordezkaritza osatuko dute. Xabi Solanok gidatzen duen taldeak «Made in Euskal Herria» disko berriko kantuak aurkeztuko ditu zuzenean.

Hala ere, zalantzarik gabe, Toots & The Maytals izango da gaur Idauze-Mendiko zelaietara ikusle gehien erakarriko duen taldea. Toots oso izen garrantzitsua dugu reggae musikaren historian; urte askotan Bob Marley handiaren itzalean egon bada ere, diskografia oparoa izatea lortu du Toots-ek, eta Euskal Herrian jarraitzaile asko eta asko ditu, bai entzuleen artean, bai eta musika taldeen artean ere.

Alta, gaurko egitarauan ezin aipatu gabe utzi Tonino Carotone euskal-italiarra. Kontzertu andana eskaintzen ari da mundu osoan barna musikari nafarra desamodio eta parrandarako aldarriak musikatuz. Gaurkoan, Euskal Herriko agertokietan izango da aspaldiko partez. K.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo