San Miguel Liga gaur hasiko da Zaragozan
«Ebroko batailak» emango dio hasiera TKE Ligako ikuskizunari
Hamabi ontzi arituko dira banaka erlojuaren aurka, 13.00etatik aurrera. Urdaibai da lehen bandera irabazteko faborito nagusia.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Ura 2008 estropada bereziak emango dio hasiera gaur eguerdian aurtengo San Miguel Ligari (13.00, ETB-1). Estropada berezia, batetik, Zaragozan jokatuko delako, Ebro ibaiko uretan, eta, bestetik, erlojupeko modura erabakiko delako lehen irabazlearen izena. Aurreko urteetan hainbat entrenatzaile eta arraunlari kexu izaten zen ligaren hasiera aldrebesa izaten zelako -zozketa bidezko txandak, lehen estropadak Galiziako uretan...-, bada aurten ere badirudi saltsarik ez dela faltako lehen asteotan. Edozein modutan, antolatzaileen alde esan beharra dago Zaragozako estropada aspalditik lotuta dagoela eta TKE osatzen duten elkarteek onartu dutela euren egutegia.
Lehen estropada honetan, gainera, iazko San Miguel Ligaren azken sailkapena hartu da kontuan traineruen irteera hurrenkera erabakitzeko. Horrenbestez, Tiran, Arkote, Cabo, Laredo, Zumaia eta San Pedro irtengo dira aurrena minutu bateko aldearekin. Horiek amaitutakoan, Pedreña, Zarautz, Castro, Hondarribia, Orio eta Urdaibairen txanda izango da. Ontziek bost ziaboga eta sei luzeko lana izango dute ohiko 3 itsas-miliak betetzeko. Ibilbideak Azud kaia eta Burdinazko Zubia lotuko ditu, eta ontziratzeko inguru horretan kokatuko du TKEk pantaila erraldoia, aurtengo berrikuntza nagusietako bat.
Kirol arloari helduta, Urdaibai izango da lehen garaipena eskuratzeko faborito nagusia. Iazko txapeldunak maila bikaina erakutsi du Mutriku eta Mundakako estropadetan, eta koadrilak ez du batere aitzakiarik, iazko blokeari bere horretan eutsi baitiote. Hala ere, kantabriarrekiko erreferentzia zuzenik ez dute eta, beraz, kontuz ibili beharko dute. Gainera, sakonera gutxiko uretan arraun egiteak beti sortzen du egonezina arraunlari eta entrenatzaileengan, azken asteotan behin eta berriro jakitera eman duten moduan. Ebro ibaiak ekarriko duen ur kopurua eta sor litezkeen korronteak dira beste kezka nagusiak.
Gizonezkoen estropada 13.00etan hasiko den arren, ordu erdi lehenago Gipuzkoako eta Bizkaiko emakumezkoen selekzioek norgehiagoka polita jokatuko dute elkarren aurka. Hauek ere banaka arituko dira erlojuaren aurka eta minutuko aldearekin hartuko dute irteera. Hau guztia, Zaragozako Expo-n Euskal Autonomia Erkidegoaren eguna ospatzeko antolatu dute.
Gizonezkoen estropada hasi aurretik, Gipuzkoako eta Bizkaiko emakumezkoen selekzioek norgehiagoka berezia jokatuko dute.
KAE Ligako lehen multzoan ere gaur jokatuko dute lehen estropada 12.00etan hasita: Portugaleteko XXVI. Bandera. Busturialdea, Camargo, Castro, Donostiarra, Hondarribia, Isuntza, Santurtzi, Kaiku, Ondarroa, Pasai Donibane, Portugalete eta Zierbena arituko dira nor baino nor lau ontziko lau txandatan. Estropadak hiru ziaboga eta lau luze izango ditu eta Kaiku da faborito nagusia.
Ordu berean, bigarren multzoko bigarren estropada puntuagarria jokatuko dute: Orio Estilora Bandera. Erlojuaren aurka arituko dira 11 ontzi ibaian, aurrena bost (Luanco, Santander, Hibaika, Raspas, Getxo) eta gero beste seiak (Colindres, Deustuko, Trintxerpe, Maruca, Orio eta Astillero). Astillero da liderra.
A. AIESTARAN