GARA > Idatzia > > Kultura

Toots & The Maytalsek luxuzko itxiera eman dio EH Zuzenean jaialdiari

Hiru egunetan zehar, Idauze-Mendiko larreak musikaren topaleku bihurtu dira Euskal Herria Zuzenean Festibalaren hamahirugarren edizioan. Eguraldi bikainak lagundurik, Euskal Herriko txoko guztietatik gerturaturiko milaka ikuslek kolorea eta giroa jarri diote hogeitik gora musika taldek eskainitako doinu anitzei. Jaialdia hurrengo urtean ere izango da, etorkizuna ziurra du, baina oraindik ez dago erabakita non izango den datorren urtekoa.

p040_f02_.jpg

Koldo OTAMENDI | IDAUZE-MENDI

Obrint Pas taldeak ireki zituen ostiralean agertoki handiko kontzertuak. Idauze-Mendira bertaratutako gazteak kanpin-dendak muntatzen ari ziren horretan entzun ziren lehen musika doinuak. Ikuslerik gabe ekin zioten jotzeari valentziarrek eta ordubeteko saioa eskaini eta gero, jende mordoa erakartzea lortu zuten. Aldarrikapen eta festa giroa nagusitu zen Obrint Pasen emanaldian.

Jakina zen Keny Arkanak eskaini beharreko kontzertuak zeresana emango zuela: hasieratik poltsikoratu zuen ikusleria hip-hop kantari beltzak. Emakume indartsua dugu Marsellarra, boteretsua zinez. Hip-hop borrokalaria lantzen du kale giroko hitz eta sistemaren kontrako leloekin. Emanaldia aurrera joan ahala, jantzia zuen elastikoa kendu eta Segi gazte erakundeko pegatina handia ikusi ahal izan genion soinean itsatsita. Emanaldia amaitzean, berriz, Euskal Presoak Euskal Herrira leloa zuen maindirea atera zuen, ikusleen txalo zaparrada artean.

IKontra, Ojos de Brujo Sound Systemek zapore gazi-gozoa utzi zuen ikusleen artean. Taldearen arima den Marina abeslariaren parte hartzerik gabe, beste molde bateko emanaldia eskaini zuen Bartzelonako taldeak, kontzertu afixan iragarri bezala, Sound Sytem saioa jorratuz. Ojos de Brujoren kantuak entzun baziren ere, Marinaren hutsunea gehiegi sumatu zen eta emanaldi polita egin bazuten ere, ikusleriaren gehiengoak ez zuen euren proposamena ulertu .

Agertoki handitik at, arrakasta itzela izan zuten taula txikiko emanaldiek.

Kontzertu jendetsuenak agertoki handian izan diren arren, oholtza txikiko emanaldiak interesik baduela argi geratu da. Gaur egun, taula handian aritzen diren talde horiek guztiek, aurretik gaztetxe eta kontzertu txikiak eskaini behar izan dituzte eta gaurko taldeak biharko etorkizuna direla argi dago. Ultra Vomit taldeak saio dibertigarria egin zuen, gandordun gitarra-jotzaileak animaturik eta On Benito talde beratarrak, azken orduan Borrokan taldeak utzitako lekua ondo baino hobeto bete zuten. Kontzertu polita egin zuten Joseba Irazoki eta enparauek. Alta, Gaztezulo karpan talde esanguratsurik izan bazen ostiral gauez, Loo& Placido bikoa izan zen hori. Ordu txikietako konplizitatea lagun, karpa osoa dantzan jartzen jakin izan zuten, euren proposamen bitxiari esker. Musika talde ezberdinen musika sampleatua-eta nahasten dute, konbinazio ederrak sortuz.

Umorea eta alaitasuna

MAP taldearen eskaintzak ere bereganatu zuen ikusleria. Disko-jartzaile bat, biolina, akordeoia eta abeslari bik osaturiko taldea, umorez aritu zen, jende artera ere jaitsi ziren musika eskaintzera. Etengabeak izan ziren jaurtiriko aldarriak; besteak beste, emigrazioaren gaia edo Euskal Herriko egoera bera ere aipatu zituzten. Latzen, taldearen amaigabeko agurraren biran murgildurik, ohiko kontzertua eskaini zuten, taldeak azken zuzeneko hauetarako espresuki prestatu duen eszenografia gehiena alde batera utzita, argi jokoak erabili zituzten soilik musikaren osagarri. Ez ziren falta izan, besteak beste, «Laztana» edo «Eraso» kantu mitikoak eta, agian, lekuz kanpo, Kortaturen «Zu atrapatu arte» kantuaren moldaketa jo zuten.

Larunbateko izen handien artean zen Clawfinger taldea. 90eko hamarkadan arrakasta itzela izan zuen talde suediarrak, baina argi geratu zen, taldearen sasoi onenak atzean geratu direla. Taula gainean soinu indartsua lortu arren, ez zuten transmisio handirik lortu ikusleriarekin, lehen lerroetan kokatzen diren zale amorratuekin izan ezik. Suediarrek eskaini zuten kantu zerrenda, disko berrietan oinarritu zuten eta taldearen kantu ezagunena dena entzuteko, emanaldiko azken kantura itxaron behar izan genuen. Bitxikeria gisa, Bilboko aireportuan gitarra bat galdu eta gero, Latzen taldearen musika tresna erabili behar izan zuten.

Pib All Star

Eta nola aldatzen diren gauzak kamarada... Suediarren azken akordeekin batera, taula txikiko agertoki gainean Pib All Star bikoteak ase zuen gure musika gosea. Clawfinger taldeak ez bezala, Lapurdiko bikoak komunikatzen jakin zuen eta musika sortzeko bateria eta gitarra besterik erabili ez bazuten ere, rock, metal eta core zurrunbilo bihurtu zuten emanaldia.

Euskal Herriko taldeek maila bikaina eman dute aurtengoan. Beti ere, euren ordutegiak onenak ez badira ere, jende dezente erakartzea lortu dute: arestian aipaturiko Pib All Star taldeaz gain, Sister Simone And The Holy Balls taldeek sekulako emanaldia eskaini zuten. Musikarien eskarmentua bistakoa da, eta taldeko emakume ahotsak, taldearen musika biribiltzen du. Musika ilunagoetan murgilduz, Inserta taldeak erritmo hauskor eta azkarrak jorratu zituen arratsean. Agertoki gainean hustu egin zen Deustuko taldea. Larunbat gauean gitarra zorrotzak izan ziren nagusi. Alta, azken kontzertu gisa Potatoren emanaldia izan genuen. Reggae eta ska erritmo gozoz, Pako P-k gidatzen duen talde gasteiztarra, Potato desegitearen ideia atzean utzita jada, betiko kideez osaturiko Potato berria aurkeztu zuen; Potato Freeto izena izango dute aurrerantzean eta etengabean errepikatu zuen emanaldi osoan zehar.

Iron eta Maider taldeak ireki zuen azken eguneko musika saioa. Maskaradako jantziek talka egiten dute zuzenean heavy metal doinuekin, baino ederki uztartu daitezela aldarrikatu zuten. Tartean, Amaren Alabak abeslarien lankidetza izan zuten.

Ruper Ordorikak bazkalondoa girotu zuen eta Tonino Carotoneren musikak festibalaren azken txanpan murgildu gintuen. Carotone jauna, jantzi dotorez taularatu zen eta erritmoez Euskal Herria eta Italia gerturatu zituen. «Me kago en el amor» eta Kojon Prieto y los Huajalotes taldean ezagun eginiko «Insumision» eta «Carcelero» kantuekin amaitu zuen saioa. Esne Beltzak erritmo beroak ekarri zituen Idauze-Mendira. Bederatzi lagun taula gainean eta barru-barruraino sartzen diren kantuak jo zituzten indar handiz. «Bozgorailuetatik» kantuan Speiz Mukakiren laguntza izan zuten eta zuriz jantzita eta gona berdeez makilak ederki astindu zituzten.

Nolanahi ere, ikusleriaren gehiengoa Toots&The Maytals taldearen kontzertua ikusteko gerturatu zen EH Zuzenean jaialdira. Beltzez jantzita eta betaurreko ilunez, gogotsu aritu zen Toots taula gainean, bandera jamaikarraren koloreak albo batean zituela. Aldamenean, bi neska kantari azpi ahotsak egiten eta reggae-aren historian ezinbestekoak diren dozenaka kantu. Jendeak ederki erantzun zuen, batez ere, Euskal Herriko zenbait taldek moldaturiko zenbait abesti jo zituztenean. Ordu eta laurden iraun zuen emanaldia amaitu eta gero, EH Zuzenean agurtu zuen ukabila zutunik.

ETENIK EZ

EHZk iraun duen hiru egunetan zehar musikak ez du etenik izan. Ostiral arratsean abiatu ziren kontzertuak Idauze-Mendin, eta bart gaueko hamarretan entzun ziren azken doinuak.

Festibalaren etorkizuna ziurra den arren, erabakitzeke dago hurrengoa non izango den

Euskal Herria Zuzenean festibaleko arduradunak prentsa aurrera azaldu ziren festibalaren azken orduetan hamahirugarren edizioko datuak eta balorazioa eskaintzeko asmoz. Jaialdia, duela bost urte Zuberoara ekarri zenetik ikusle kopurua nabarmen jaitsi da. Aurtengoan ere horrela izan da. Orotara, 12.000 lagun gerturatu dira Idauze-Mendira, joan den urtean baino 3.000 ikusle gutxiago. Ikusleen beherakada dela-eta festibalean hainbat aldaketa egingo dituztela iragarri dute antolatzaileek. Edonola ere, jaialdiaren filosofiari eta lan ildoari tinko eutsiko diotela zehaztu zuten.

Alta, antolakuntzako kideak pozik ziren bertan izan den giro eta musika eskaintzari dagokionez. Bertaratu diren musika taldeen jarrera goraipatu dute, festibalaren garrantzia aipatuz. Gauza jakina da, Idauze-Mendin ospatuko den azken jaialdia izan dela honakoa eta hurrengo urtean Euskal Herria Zuzenean festibalak kokaleku berria izango duela. Hasiera batean, EHZ hartuko duen herriaren izena atzo jakinarazteko asmoa bazuten ere, hainbat herriko etxeekin oraindik negoziazioetan dabiltzala-eta hilabete batzuk barru ezagutaraziko dute kokagune berria. EHZ aitzindaria izan zen Euskal Herrian honelako jaialdiak antolatzen, eta urtez urte iraun duen bakanetakoa izan da, beste asko bidean desagertu diren bitartean, tinko eutsi dio izaera herritar eta parte hartzaileari.

K.O.

JENDETSUENA

Atzoko Toots & The Maytals taldeak bildu zuen jende gehien. Ikusleek ederdi erantzun zuten, batez ere, Euskal Herriko zenbait taldek moldaturiko hainbat kantu jo zituztenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo