Juan Mari Lekuona hil aurretik lantzen ari zen poema liburua plazaratu du EHUk
Martin ANSO | DONOSTIA
Juan Mari Lekuona hil aurretik lantzen ari zen «Ibaiak basamortuan» izeneko liburua plazaratu du Euskal Herriko Unibertsitateak. «Utzi zigun azken poesia testigantza da, oso duin eta sendoa, bere poesia osoaren neurrikoa», Jon Kortazarren iritziz.
Jon Kortazar, Paulo semearekin batera, edizioaren paratzailea izan da, eta atzo aurkeztu zuen Koldo Mitxelena kulturunean, bertan Ludger Mees EHUko Euskara errektoreordea, Jean Haritschelar euskaltzainburu ohia eta idazle zenduaren hainbat senide eta lagun zirela.
Kortazarrek argitu zuenez, «Ibaiak basamortuan» poema liburu bat baino gehiago «poema liburu baten historia da». Izan ere, 1992an idazten hasi zenetik ia hil zen arte, Juan Mari Lekuonaren eskuizkribuetan liburuaren «eskemak, zirriborroak eta krokisak -hau da, liburua zer izango zen- behin eta berriro agertzen dira».
Zazpi poema baino ez
Guztira, berrogeita hamarren bat poema egiteko asmoa zuen, baina horietatik zazpi baino ez zituen bukatu. Alabaina, eskuizkribuen bidez, pausoz pauso jarrai daiteke liburuaren sortze prozesua, hots, nola asmatu eta atondu zuen. «Liburuaren egunerokoa dugu, eta hori oso garrantzitsua da ikerlariontzat», nabarmendu zuen Kortazarrek. EHUk plazaratu duen edizioa, faksimilen bidez-eta, eguneroko horren berri zehatza ematen du.
Bukatu zituen poemen edukiari dagokionez, berriz, kutsu erlijiosoa nabari dela esan zuen Kortazarrek, «mistikarako gogo handi bat». Horrez gain, irakurtzen zuenaren eragina ere antzeman daiteke, baita berak asko maite zuen mundu sinboli- koa ere. Estetika, berriz, «Mimodramak eta ikonoak» liburuan erabilitakoaren tankerakoa da.