Euskal euro-hiriaren lan merkatuaren inguruko argazkia egin du Gaindegiak
Xabi HERNANDEZ |
Gaindegiak, Aztikerrek eta Hemen elkarteak «Baiona-Donostia euskal euro-hiriaren lan merkatuaren azterketa prospektiba» txostenaren berri eman zuten atzo. Batez ere gazteei begira landua, txostenak orain arte gai horren inguruan kaleratu diren iritziak baieztatu ditu ofizialki. Alegia, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko «mugikortasun fluxurik» ez dagoela lan merkatuan.
Gaindegiak koordinatutako dokumentuak hiru aztergai nagusi izan ditu ardatz: lehenik eta behin, euro-hiriak biltzen dituen udalerrien argazki estatistikoa aurkeztu du lan merkatuari begira; bigarrenik, Ipar Euskal Herriko gazteen ibilbide profesionalari eta lan merkatuan txertatzeari buruzko azterketaren berri eman du; eta, azkenik, euro-hirian ematen den lan mugikortasunari buruzko erradiografia egin du.
Gazteak gazteei buruz
Ikerketak gazteak izan ditu protagonista. Izan ere, bai aztertzaile bai aztergai izan ditu. Txostenak hainbat ondorio ezkor kaleratu ditu eta horiei aurre egiteko proposatutako neurrietako bat Euskal Herri osorako lan agentzia sortzea izan da.