GARA > Idatzia > > Kirolak

SELEKZIOAK

ESAITek federazioei «funtzio publikoen eskumena» kentzeko eskatu dio Lakuari

 

Imanol SESMA | BILBO

Prentsaurrekoa eman zuen atzo ESAITek Bilbon Lakuako gobernuak erakutsitako hainbat jokabide kritikatzeko. Bizkaiko hiruburuko ekimenean jakitera eman zuenez, Estatu espainiarraren erasoen aurrean euskal selekzioak blindatzeko proposamen zehatza luzatuta du ESAITek martxotik. Horren arabera, EAEko Kirol Legearen 25. artikuluan aldaketa soil bat egitea nahikoa litzateke federazioak eraso guztiengandik blindatzeko. Izan ere, lege hori aldatuz, federazioei «funtzio publikoen eskumena» kenduko litzaieke eta ezinezkoa litzaioke Estatuari selekzioetan esku hartzea.

ESAITen aburuz, artikulu hori ez aldatzearekin «euskal selekzioa ofiziala izatea ekidin nahi dutenek diseinaturiko markoaren esku utzi dute erabakitzeko ahalmena».

Baina ez da lege aldaketa hori egin ez izana Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak Lakuari eginiko kritika bakarra. Besteak beste, diru-laguntzak ukatu izana, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko kirolariak baztertzea eta eragile sozialekiko mesprezu jarrera izatea leporatu dizkio. Prentsaurrekoan adierazi zutenez, gai horietan «politika oso pobreak» ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, ondorioz, «bere hutsegiteak ordaintzen ari da».

Eta Eurokopan, zer?

Bestalde, ESAITek hainbat ekimen burutu zituen Eurokopak eskainiriko aukera mediatikoez baliatuz. Taldearen ustez, ulergaitza da Eurokopa bezalako «erakuslehio batean Euskal Herriko inolako ordezkari instituzionalik ez izatea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo