GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

Denak haizeari begira Boiroko lehen hitzorduan

A.A. | DONOSTIA

San Miguel Ligako bigarren estropada puntuagarria gaur arratsaldean jokatuko da Boiroko uretan (18.30, ETB-1). Aurreko igandean Zaragozan lehen saioa egin ondoren, Kantauriko hamabi ontzi onenek beren maila erakusteko bigarren aukera izango dute gaur Rianxeira Bandera irabazteko lehian.

Aurreko astean zer esana Ebro ibaiak eman ostean, asteburu honetan garrantzia astean zehar egindako txanda zozketak hartuko du. Izan ere, eta arraunlari gehienei batere graziarik egin ez arren, gaurko eta biharko txandak zozketa bidez erabaki dituzte eta ez sailkapenaren arabera. Zaharrak berri.

Gaurkoari dagokionez, lehen txandan Zarautz, Arkote, Tiran eta Castro irtengo dira; bigarrenean Pedreña, Laredo, San Pedro eta Zumaia; eta hirugarrenean Urdaibai, Cabo, Hondarribia eta Orio. Estropada eremua betikoa izango da eta egin beharreko lanean ere ez da aldaketarik: lau ontziko hiru txanda, lau luze eta hiru ziabogako lana egiteko.

Aurreko urteetan haizeak zeresan handia eman du Galiziako estropadetan, eta hori izango da gaur ere traineruen kezka nagusia. Haizea indartzen joaten bada, lehen txandako ontziek aukera ona izan dezakete ezustekoren bat emateko.

Getxo eta Santander

KAE Ligan, lehen multzoko traineruek Algortako Portu Zaharrean dute gaur hitzordua I. Ambilamp Estropada lehiatzeko (17.00, ETB-1). Multzoko bigarren estropada puntuagarria izango da, eta oraingoz Kaiku da liderra aurreneko saioa nagusitasun handiz irabazi eta gero.

Bigarren multzoko hamaika ontziek, aldiz, Santanderren izango dute gaur hitzordua: V. La Maruca Bandera (18.30). Erlojupeko estropada izango da eta ontziek binaka hartuko dute irteera. Estropada eremua ere berezia da, bi luze eta ziaboga bakarra duena hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo