Ukazioaren bi aldeak: onarpena eta errepresioa
Atzo Baionan Jean-Claude Agerre eta Xabi Larralde mahaikideek ezagutarazi zuten gutunak ez du Ipar Euskal Herriko arazo politiko eta sozioekonomikoei heltzeko borondaterik agertzen. Frantziar Barne ministro Michèlle Alliot-Mariek, formei dagokionez, erantzun atsegina bidali zion Batasunari, baina berriro ere abertzaleen autonomia proposamenari ezetz esateko. Nolanahi ere, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa eta bertako arazoen espezifikotasuna onartzen du, nahita edo nahi gabe. Eta, bestetik, gutun hori erakunde abertzalearen onarpen politiko argia da. Bidasoaz bestaldean debekatua eta jazarria, Europar Batasunaren «zerrenda beltzetan» bildua den erakunde politikoaren aitorpena, hain zuzen. Inork imajina al dezake espainiar Barne ministro Pérez Rubalcaba erakunde politiko beraren proposamen bati erantzuten? Ez dirudi oso egiantzekoa espainiar ministroa Hego Euskal Herriko arazoei buruzko bere ikuspegia mahaikideei jakinarazteko gutunik erredaktatzeak. Alliot-Marieren erantzuna herri batek arazoei bere erara aurre egiteko eskubidearen ukazioa da, eta berdin espainiar ministroarena; hala ere, Rubalcabak eta bere gobernuak ez dute forma kontuetan denborarik ematen, ezta gutun bat idazten ere. Horien erantzuna kriminalizazioa da. Debekua, kartzela eta errepresioa.