GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

«Sekula ez nuen pentsatuko iritsi naizen lekuraino iritsiko nintzenik»

p052_f01.jpg

Joxemiel Peñagarikano

Aizkolaria

Amaitu da Joxemiel Peñagarikanok aizkolaritzan egin duen ibilbidea, berak horrelaxe erabakita. Kirol honetan irabazi beharreko txapel guztiak irabazi ditu, eta berak nahikoa dela ebatzi du. Kirola utzi eta orain arte egin ezin izan dituen gauzak egiteko garaia heldu zaiola adierazi du. Orain, omenaldien garaia heldu da, eta horietan murgilduta dabil Beizamako aizkolaria.

Jon LEUNDA | BEIZAMA

Amaitu du Joxemiel Peñagarikanok bere ibilbidea. Aizkolaritzan goi mailan urte asko egin ostean, beste gauza batzuetan murgiltzeko tenorea heldu zaiola dio, eta aizkora uzteko hautua egin du. Beizamakoak, aizkora munduan irabaz daitezkeen txapel guztiak bereganatu ditu, eta azken hamarkadako aizkolaririk garrantzitsuenetakoa izan da. Euskal Herriko lehen eta bigarren mailako txapelak, Urrezko Aizkora banaka eta bikoteka, eta Urrezko Kopa, denak bereganatu ditu.

Zer dela-eta erabaki duzu aizkora uztea, oraindik maila politean zaudenean?

Beno, maila politean, kanpotik horrela emango du, baina nik ez nuen neure burua horrela ikusten. Hogei bat minututako saioetarako-eta nahiko ongi nengoen, baina bakarkako lan luzerako-eta dezente kostatzen zitzaidan. Gainera, uste nuen uzteko garaia zela, beste gauza batzuetarako denbora hartu behar nuela, eta aizkoran egin beharrekoak eginda nengoela ikusten nuen.

Erraz ala kostata hartutako erabakia da?

Ez da erraza izan. Baneramatzan hiru urte uzteko erabakia buruan bueltaka, baina beti atzeratu egiten nuen, eta azkenean une hau egokia dela ikusi dut, eta hementxe uzten dut.

Aizkolari batek irabaz ditzakeen txapel guztiak irabazi dituzu. Uzteko garaian ere horrek lasaitasun ederra emango du, ezta?

Bai, dudarik gabe, txapel guztiak lortu ditut, eta hori sekulakoa da. Egia esan, aizkoran hasi nintzenean, esan izan balidate, uzteko garaia heltzen zenean dena irabazita utziko nuela, ez nuen sinetsiko, baina oso une onak bizi izan ditut aizkoran, eta ni horrekin noa.

2000. urtean Oionen irabazi zenuen Euskal Herriko Txapelketa. Hura izan al zen zure unerik ederrena?

Bai, dudarik gabe. Aizkolari batentzat Euskal Herriko txapela lortzea, pilotan pilotari batek Buruz Burukoa irabaztea bezainbestekoa da. Hura oso egun polita izan zen, aizkolarion ametsa bete nuen, eta dudarik gabe lortu dudan txapelik garrantzitsuena izango zen hura, une oso gogoangarria izan zen.

Txarrena, agian urte pare bat lehenago Azpeitian Olasagastiren aurka jokatu zenuen Urrezko Aizkorako finala izango zen, ezta?

Bai, dudarik gabe. Orduan oso une txarrak pasatu nituen. Ondoezak jota ezin izan nituen lanak amaitu, eta oso une txarrak izan ziren. Erietxean amaitu nuen, eta burura gauza txar asko etorri zitzaizkidan, baina hura ere pasatu zen, eta lehen esan bezala, orokorrean gauza hobeak askoz ere gehiago izan dira une txarrak baino. Aizkorak asko eman dit.

Urte asko eman dituzu goi mailan. Atzera begira jarrita, irabazi gabeko zerbait geratu al zaizu?

1996ko Euskal Herriko Txapelketa. Oso une onean harrapatu ninduen, eta irabaz nezakeela pentsatzen dut. Eskarmentu apur bat gehiago izan banu, oraindik txapela nirea izango zelakoan nago. Eskarmentua falta zitzaidan.

Aizkora munduan apustuak ohikoak izaten dira, baina zuk ez duzu sekula bakar bat ere egin. Zein da arrazoia?

Egia esan, ni ez naiz izan apustuzale horietakoa, baina nire inguruan izan direnak ere ez naute inoiz apustuak egitera bultzatu, eta uste dut hori izan dela gakoetako bat. Inguruan apustuzaleak izan banitu, seguru asko bakarren bat egingo nuen; baina ni aparteko zalea izan ez, eta ingurukoak ere ez, azkenean apusturik egin gabe utziko dut aizkora. Izan nuen Arriarekin egiteko aukera, baina hura ez zen gauzatu, eta azkenean ez dut batere egin.

Bestalde, zu aizkoran ez zinen oso gaztetan hasi.

Ez, ez, horrela da. Kirol hau beti gustatu izan zait, baina ez nintzen gazte-gaztetan hasi. Gogoan daukat 19 urterekin Beizaman erakustaldi bat egin genuela, gazte festen barruan. Orduan herriko lau gazte aritu ginen, oso lehia sanoa eta polita izan zen, lagun arteko saio eder bat, baina artean erabaki gabe neukan aizkoran hastea. Handik urte batzuetara erabaki nuen kirol honetan serio hastea.

Gainera, aizkorari neurria hartzea dezente kostatu zitzaizun, ezta?

Bai, hasiera hartan ez nuen entrenamenduekin asmatzen. Gimnasioan, eta korrika asko ibiltzen nintzen, baina pisua galtzen nuen, eta lehendik nahiko argala nintzenez, horrek ez zidan mesederik egiten. Gero, hori utzi, eta mendian ibiltzeko esan zidaten, eta orduan hasi ziren emaitza onak heltzen. Ordura arte dezente sufritu behar izan nuen, batez ere entrenamenduekin ez nuelako asmatzen.

Gero, Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela heldu zen, eta horrek zabaldu zizkizun onenekin lehiatzen hasteko ateak.

Bai, Gasteizen lortutako txapel hura oso garrantzitsua izan zen niretzat. Bigarren Mailan txapela lortzeak maila nagusira pasatzea esan nahi zuen, eta garrantzitsua izan zen. Gero urte asko pasatu ditut onenekin, txapelak irabazi ditut Lehen Mailan eta lehen esan bezala, hasi nintzenean hori esan izan balidate ez nuen sinetsiko, baina horrela izan da, eta oso une onak pasatu ditut kirol honi esker.

Nola ikusten duzu orain aizkolaritzaren etorkizuna?

Nik uste dut ona dela. Aizkolari gazte asko dabiltza, horretarako uste dut Urrezko Aizkorako lehiaketa garrantzitsua izan dela, gazteei aukera asko ematen dizkielako. Gaur egun badaude ongi dabiltzan gazteak. Besteak beste, Larretxea, Erasun, Atutxa edo Otaegi, uste dut goi mailara hel daitezkeela, baina horretarako denbora utzi behar zaie, eta haiek ere lanean jarraitu beharko dute, lanik egin gabe, hemen ez baitago ezer.

Eta Joxemiel Peñagarikanok aizkoratik erabat aldentzeko asmoa al du, edo mundu horretan ikusiko zaitugu oraindik?

Beno, oraingoz behintzat aizkolariei enborrak jartzeko lana daukat, eta une honetan horretarako eskari asko dauzkadanez, enborrak jartzen jarraituko dut, beraz, aizkolaritzaren inguruan jarraituko dut, oraingoz behinik behin.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo