GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Lan merkatua

Euskal gazteen mugikortasunak atzerrian du erreferentzia nagusia

Gaindegia, Hemen eta Aztiker elkarteek sustatutako azterketak erakutsi duenez, lan merkatuaren barruan dagoen fluxuak ez du Euskal Herrian Bidasoaren bi aldeetan elkarrekikotasunik. Hau da, bai Ipar Euskal Herriko bai Hego Euskal Herriko gazteek ikasketak egiteko nahiz lana bilatzeko garaian nahiago dute atzerrira jo bertako beste lurraldeetara baino. Arrazoi bik bultzatzen ditu horretara: merkatu eskaintza zabalagoa eta lan baldintza hobeak izateak.

p002_f01-148x232.jpg

Xabi HERNANDEZ | BAIONA

Historiaren joanean, euskal herrialdeen arteko komunikazioa eta joan-etorria arina izan da, mota bateko edo besteko joerek batera zein bestera bideratu duten arren. Joera horiek testuinguru politiko, ekonomiko edota kulturalak markatu dituzte eta, halaber, hauek denborak aldarazten ditu. Arintasun hori egun ere nolabait mantentzen dela antzeman daiteke, baina joan-etorrien motibazioak eta zergatiak aldatu direla erakutsi dute berriki. Edo, hobeki esanda, motibazio eta helburuek mugikortasunaren norabide eta fluxua aldarazi dute.

Ekonomia eta lan merkatuari dagokionez, aurkeztu berri diren ikerketek mugikortasunak atzerrira begiratzen duela frogatzen dute, eta ez horrenbeste Ipar eta Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko erreferentzialtasun eta elkarrekikotasunari.

Modu horretan, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gazteek, oro har, Bordele, Paue edota Paris hautatzen dute lan egiteko edo ikasketak egiteko, eta gutxiengo batek soilik jotzen du Hego Euskal Herrira. Azken hau aukeratzen duen gazte jendeak, ordea, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa edo Nafarroan bertan mugitzea nahiago izaten du bai eta, besteak beste, Madrilera edo Bartzelonara joatea hiru herrialde kontinentaletara abiatu ordez.

Ondorioak ezkor ageri dira

Arestian aipatu bezala, herrialde baten barruan izaten diren lekualdaketak faktore oso diferenteek eragiten eta bideratzen dituzte. Azterketok frogatu dutenez, egun barne mugikortasuna aisialdia eta erosketekin lotzen da.

Gazteek orokorrean lekuz aldatzeko prestutasuna badutela uzten du agerian azterketak, baina lana edota formazio profesionalari erreparatuz gero, horietako proportzio handi batek kanpora jo behar izaten du, benetako traba diren faktore ezberdinak direla medio. Horiek guztiek atzerrira begira jartzen ditu euskal gazteak lan merkatuan sartzeko garaian, eta ez dituzte batere errazten herrialdeen arteko lekualdaketak, nagusiki Bidasoaren bi aldeen artean egon beharko liratekeenak.

Horien artean agerikoena administrazio ezberdinek ezartzen duten banaketaren menpekotasuna izan daiteke. Honek alderdi anitzetan eragiten du, besteak beste, indarrean dauden enplegu politiketan. Hauen arteko aldeak oso handiak dira langile zein langabetuek ekonomikoki duten babes mailari dagokionez, adibidez.

Bestalde, ez dago enplegu eta formazio programa komunik eta, bestetik, langabezia kudeatzeko organismo bien artean (INEM eta AMP) ez dago ez koordinaziorik ez elkarlanik. Horrez gain, arrazoi bera dela kausa, titulazioak baliokidetzeko arazoak egon ohi dira, eta horrek ere Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko biztanleen arteko fluxua eragozten du.

Aipatutakoez gain, badira eragina duten beste faktore batzuk ere, hots, ezaugarri eta egoera linguistiko eta kulturalak. Gazte askok ezberdintasun kultural handiak nabari dituzte eta, batez ere hizkuntzaren ezagutza eza da oztopo nagusia. Euskararen egoera soziolinguistikoa -ezagutza eta erabilerari dagokionez- eta frantsesa edo gaztelania ez jakitea, esaterako, arazo bihurtzen da.

Beste bi faktorek ere eragina dute iparraldearen eta hegoaldearen arteko mugikortasun ezan. Bietan lehena garraiobide sare eraginkor eta praktiko bat eratzeko azpiegitura eta borondate falta izan daiteke, aztertzaileen ustetan. Bigarrena, berriz, elementu horiek beste batzuekin batera, herritarrengan sortzen duten «muga psikologikoa» da. Diotenez, muga hori «oso handia» da oraindik, eta horrek elkar ezagutza murrizten du, bai eta motibazioa ere.

Aurkeztutako txostenek mugikortasuna areagotu eta indartuko luketen baldintza zenbait zehazten dituzte, epe labur eta luzera begirako egoera ekonomikoa oinarritzat hartuta.

Gauzak horrela, lan merkatuan urratsak emateko eta bide berriak sortzeko eta zabaltzeko «aukera interesgarriak» jasotzen ditu ikerketak. Alde batetik, Euskal Herriko alderdi batzuk «ekonomikoki dinamismo handikoak» dira eta, bertako biztanleria tasa «eskasa» bada ere, erretiroa hartzen duten langileen kopuruaren gorakadak bertan lanpostu berriak sortzeko aukera ahalbidetzen du. Eta bestetik, kokapen geoestrategikoa eta kostaldean kokaturik egotea eta, aldi berean, merkatu ekonomikoari dagokionez, Hego nahiz Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den berdintzea indargune gisa nabarmentzen dira. Horrek erronka komunei ekitea ahalbidetuko luke.

Hala ere, hainbat datuk zehazten dutenaren arabera, gazte batzuek elkarrekikotasunaren aldeko hautua egiten dute oraindik, batez ere identitateari lotutako arrazoiengatik.

Sustapen neurrien artean, besteak beste, euskal eremu osorako lan merkatua kudeatu eta dinamizatuko duen agentzia sortu beharra ikusten dute, bai eta administrazioen arteko lankidetza koordinatua bultzatzea.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo