GARA > Idatzia > Iritzia > Paperezko lupa

Maite SOROA | msoroa@gara.net

Igarle halakoa!

Euskara ahora hitzak errenkadan eramateko baino askoz ere gehiagorako erabiltzen dugun euskaldunok frankofonoz inguratuta gaude. Iparretik, hexagonoan hizkuntza bat, handia eta bakarra duten frantsesdun frankofonoek inguratuta, Académie eta guztiz. Hegotik, ostera, zezen larru itxurako beste poligono horretan hizkuntza bat, handia eta bakarra duten, eta orain hiru hamarkada azken hatsa zoritxarrez jauregiko ohean bota zuen jeneral hura duela franko urte gogoan duten, espainieradun frankozaleek inguratuta, Academia eta guztiz, hauek ere; hegoko jenerala iparreko moneta! Eta erdian gu, poligonorik gabekoak, euskaldun egiten gaituen euskarazko euskaldunok; Akademia guk geuk ere, horixe baietz! Arkauten, euskararekin zerikusi gutxi ei duena, gero manifestazioetan, kasu baterako, entzunaren arabera. Tira, harira! Gauzak zelakoak diren! Azken bolada honetan bai batak eta bai besteak ere, Iparrean zein Hegoan, urduritasun betean dira, euren hizkuntza bat, handi eta bakar hori, nork berea eta berean, inoiz baino arriskuagoan sentitzen dutelako, zer dela eta erdian inguratuta gauden euskaldunon euskara arrisku sortzailea dela eta!. Ume garaiko txistea gogoan: zortziehun mila txinatar eskua elkarri emanda Bilboko Kale Nagusitik ilaran negar batean doazela eta udaltzain batek galdetu: «aupa, zer ba?», eta hara bozeramailearena ezustean egin behar izan zuenak: «lau euskaldun inguratu eta jipoitu egin gaituzte!». Esan gabe doa orduko hartan bozeramailearena egin zuen hura egun Txinako energia corporation handi batean dela, zuzendari, orain Beijing esatea gustuko duten hirian.

Tira, berriro! Ikerketa+Garapena+Berrikuntza zorioneko katerako eskumenik ez hemen. Itxura batean, nahikoa berritzen ari omen da hemen azken honetan, behekoen irudikoz. Horra kontsulta zer horrena. Ajuria Eneko maizterrak berrikitan du esana: «egin egingo da, ez dakit noiz baina egin egingo da». Igarle holakoa! Aurtengo urriaren 25ean ez bada datorren urtekoarenean izango da edo hurrenagokoarenean edo... lehendakaria bera izan edo bere ilobarekin Lankide Heziketan ibilitako baten bat izan... Egin egingo da, aurretik bost klima aldaketa gauzatu behar badira ere... Garapena du faltan balizko Berrikuntza horrek. Eta Berriketa soberan. Dabilen kontsultari ez zaio goroldiorik lotzen. Lege-dema justiziaren probalekuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo