GARA > Idatzia > > Kultura

Brokoa, Errobi ibaitik Baionako karrikak konkistatzen ari den XIX. mendeko txalupa ikusgarria

Baionako bihotzean, Errobi gaineko uretan paratua dago Brokoa. Itsas Begiak eta Euskal Museoak elkarlanean, berrikitan «ondare» izendatutako txalupa ikusgai jarri dute bihar Bretainiara abiatu aitzin.

p058_f01_148x92.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Itsas ondarea berreskuratzeko ahaleginean diharduen Itsas Begia elkarteak eta Euskal Museoak ezohiko ekimena gauzatu dute azken egunotan. Izan ere, Errobi ibaian, preseski Museoaren aitzinean, paratu dute Brokoa itsasontzia bertaratzen direnen gozamenerako.

Brokoa XIX. mende bukaerako txalupa handi baten erreplika da. Antton Goikoetxea Itsas Begiako kidearen jakinduriari esker azalpenak jasotzeko aukera dago joan den asteazkenetik bihar arte Baionan izango den itsasontzi ikusgarriari buruz.

Belauntzia eta arraunontzia da Brokoa, bi propultsio sistema horiek erabiltzeko prestatuta baitago. Mota honetako ontziak arrantzarako erabiltzen ziren. Txalupa handiak, neguan amu bidezko arrantzan jarduten zuten, batez ere, legatza, urraburua eta itsas aingira arrantzatzen, eta ez ziren itsasertzetik gehiegi urruntzen. Gehienez hogei bat lagun joaten zirela esan du Goikoetxeak, «amu bidezko edo lineako arrantzarako jende asko behar baitzen».

Udan berriz, atunetarako baliatzen zuten, «kazako arrantza teknika» erabiliz. 1945 arte, Kaliforniatik ekarritako metodoa nagusitu arte, ez omen zuten, gainera, amu bizirik erabiltzen. «Arto hostoarekin egindako arrain plantako beita jartzen zuten kazan atuna erakartzeko», nabarmendu du Goikoetxeak. Urrutirago joaten baziren ere, atuna kontserbatzeko arazoak medio, ez zituzten egun asko egiten. Atuna iraunarazteko ozpin-eskabetxearen jatorria hor kokatzen du adituak. Baporezko ontziak agertu zirenean desagertu ziren txalupa handiak.

Museoa ireki

Itsas Begiaren lanari esker, ordea, ontzia ederresteko aukera eskaini nahi izan du Euskal Museoak. Bertako langile Sebastien Boulnoisek argitu duenez, «lau hormetan geratu baino irekitzeko ahalegina» egiten ari da museoa. Brokoaren erakusketa asmo horiekin guztiz bat dator, baina ez dira horretan soilik geratu. Ontziaren erakustaldiaren karietara, hainbat ekimen prestatu dituzte eta horietan zenbait elkarte eta talde ere partaide izan dituzte, esaterako, Ibialde abesbatza, Bertsularien lagunak eta ibai-ontzien berreskuratzeaz arduratzen den Talasta elkartea.

Astean zehar hitzaldiak, itsasoarekin lotutako abesti-emanaldiak, bertsoak eta haurrei zuzendutako joko eta tailerrak izan dira. Hain zuzen, ikastola batzuek eta Uda-leku elkarteak ere beren ekarpena egin dute eta gaiarekin zerikusia duten marrazkiak ikusgai jarri dituzte Museoaren sarreran. Horietako batean honakoa irakur daiteke: «Itsasontzi batean, Errobi errekan/ Brokoa izenarekin/ Baionako karrikan».

Douarnenezera orain eta «Burdin bidaian» laster

«Interes kulturaleko ondare» izendapena eskuratu berri duen Brokoa itsasontzia Douarnenezeko -Bretainia- itsas jaialdira abiatuko da bihar, Euskal Herria «ohorezko gonbidatua» izango baita aurten.

Handik itzulita, Bilbotik Donibane Lohizunera bitartean uztailaren bukaeran egingo den «Burdin bidaian» hartuko du parte. Bizkaiko hiriburuko San Anton portutik abiatuko da 29an, aitzinean Somorrostrotik Urdazubiko monasterioko burdinolara urtero eraman ohi ziren 580 tona burdingai gainean hartuta. Plentziatik, Bermeotik, Zumaiatik eta Donostiatik igaroko da. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo