GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Emakume bat hil da eta beste bederatzi lagun zauritu dira hainbat auto istriputan

42 urteko emakume bat hil zen atzo, A-8 autopistan, Mendaro parean, senarra eta umearekin zihoan autoa bidetik atera ostean. Beste bederatzi lagun ere zauritu ziren atzo jazotako hainbat istriputan.

GARA |

Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan hainbat istripu jazo ziren atzo. Horietako lehena eta larriena Gipuzkoan gertatu zen, eta istripuak hildako bat eta beste bi zauritu utzi zituen. Bizkaian izandako beste hiru istriputan, beste zazpi lagun zauritu ziren, horietako bat larriki gainera.

Istripurik larriena 12.30ak aldera gertatu zen. Familiarekin batera autoan zihoan emakume bat hil zen A-8 autopistan, Mendaro parean. Bilborako norabidean zihoan Ford Mondeo markako autoa errepidetik atera eta irauli egin zen. Istripuaren ondorioz, 42 urteko emakumea, N.H., larriki zauritu zen, eta larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin haren bizia salbatzeko. Emakumea bikotearekin eta 5 urteko umearekin zihoan autoan. Gizonak (A.B.) 39 urte ditu. Biak ere zaurituak gertatu ziren, eta Mendaroko ospitalera eraman zituzten. Istripuaren ondorioz, bidea itxita geratu zen, errepide osoa hartzen baitzuen kaltetutako autoak. Emakumearen gorpua Donostiako Forense zerbitzura eraman zuten, agindu judiziala jarraituz. Istripuaren nondik norakoak aztertzeko Ertzaintzak ikerketa abiatu duela jakinarazi zuten iturri ofizialek.

Hiru istripu Bizkaian

Atzo arratsaldean beste hiru istripu gertatu ziren, denak ere Bizkaian, BI-635 errepidean. 12.30ak aldera Autzagane mendatean, Zornotzan, Gernika-Lumorako norabidean zihoan auto bat errepidetik atera eta irauli egin zen; horren ondorioz, autoaren gidaria barruan trabatuta geratu zen. Berrogei urteko gizona, (I.G.G), suhiltzaileek atera behar izan zuten autotik, eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten jasan zituen zauriak zirela-eta.

Ordu pare bat geroago, 14.25ean, mendate berean bi autok elkarren kontra jo zuten aurrez-aurre. Istripu horretan lau lagun zauritu ziren, hiru emakume eta gizonezko bat. Laurak Galdakaoko ospitalera eraman zituzten. Atzo gertatutako laugarren istripua errepide berean gertatu zen, kasu honetan, Muxika parean. 16.10ak aldera bi autok parez pare elkarren kontra jo zuten, Oka mendatea igotzen ari zirela. Ondorioz, bi autoetako gidariak zauritu ziren. Bi emakume horietako baten zauriak larriak direla jakinarazi zuten informazio zerbitzuek. Ospitalera eraman behar izan zituzten biak, bata Galdakaoko ospitalera eta bestea Basurtoko ospitalera.

Azken istripu horren ondorioz, errepidea erabat itxita geratu zen. Zaurituak artatu eta kaltetutako autoak errepidetik kendu bitartean, Gerekiz-en barrena bideratu zuten zirkulazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo