GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ze «heavy», «think» dagit!

Musika taldea izateko tresna arraroak darabiltza zortzikote horrek! Horixe pentsatu nuen egunkarian argazkia ikusi eta segituan. Ochote! Bilbo aldean nire umekondo garaian ohikoak ziren haien antzerakoa. Bilbainadak ziren haienak, globaladak izango ote hauenak? Zortzi, bai, zazpi gizon eta andre bat; kantaria hau berau, pentsatu nuen, dudarik gabe, taldearen ahotsa. Musika taldea baietz! Hala ere, tresnena zen niretzat harrigarriena. Zelan liteke batzuek pala eta besteek aitzurra jotzen musika egitea? Bai «heavy» gero! Betiko moduan testuaren letra txikerrak argitu ninduen, taldea bai bazen baina musika gutxikoa diru-hotsekoa ez bada. G8koak ziren, Zortziak Bat! taldekoak, eta argazkian zuhaitzak landatzen ziharduten, edo horren itxuran behinik behin, zibilez arraro jantzita. Zuhaitzak landatu, bai, euren basoa ezkutatu dezaten, seguruenik. Ai ama! nire esku balego! bakoitzari pikotxa bana eman eta munduko hainbat inguru latzetako lurretan diren minak desaktibatzera bidaliko nituzke atzetik goxo akuilatuta, argazkiko janzkera berarekin. Euren minen besteen mina gertutik sentitu dezaten. Zin dagit.

Zin dagit ala «think» dagit? Zelan esango dute aurrerantzean jelkideek noiz edo noiz norbaiten aurrean, pertsona izan edo monarka izan, zina egitean? Kasu honetan letra txikerra irakurri ez badut ere, horien alderdiak dirutza bideratu berri duela jakin izan dut, herrialde eskandinaviarren politika sozialetatik ikasi eta haiei hurbiltzeko edo. «Think Gaur Euskadi 2020». Iparrera hurbiltze horrek Zortziak Bat taldekoek sustatzen diharduten klima aldaketaren atariko berotze globalarekin lotura izango ote du? Hotzera urreratu nahi ote? Kapaz dira horiek euskal kosta fiordez josteko; eta barnealdea bera ere behin hasita! Krisi garai honetan enpresa eraikitzaileak sustatu behar direlakoan. Ene, ene! hauxe bai euskaldunon errepide-sarea! Oraindik nondik gatozen jakin ez eta nora jo behar dugun agintzen digute! Lehengoan leitu dut, letra larriak beti ere, euskal genak Asiako erdialdetik ei datozela; tira! gauzak zelakoak diren! Euskal genak han iragana izan eta Nafarroako euskarak, ostera, hantxe etorkizuna, Himalaya aldean. Zeinek ulertu! Eskerrak haize-arrosak 4 puntu kardinal baino ez duen bestela jelkideek zorabiatu, gehiago, egingo gintuzkete. Ze «heavy», «think» dagit!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo