KRONIKA Lakuak presoaren aldeko ekitaldia debekatu egin du
Ertzaintzaren gainetik «Gatza»-k omenaldia jaso du Zornotzan
Ertzaintzak kargatu zuen parte hartzaileen kontra, bat identifikatu zuten, badira hainbat zauritu (bat ospitalera), baina 28 urte preso daraman Jose Mari Sagardui «Gatzak» omenaldia jaso zuen atzo. Europa mailan kartzelan urte gehien daraman euskal presoaren askatasuna eta amnistia osoa aldarrikatu ziren Zornotzako kaleetan.
Kepa PETRALANDA
Milatik gora pertsonek hartu zuten parte atzo, Zornotzan, espainiar legeak bizi osorako zigorra aplikatu ondoren 28 urte kartzelan daraman Jose Mari Sagardui, Gatza euskal preso politikoari zuzendutako omenaldian. Europa mailan kartzelan denbora gehien daraman presoa politikoaren askatasuna eskatzeko antolatutako ekitaldia, Askatasuna-k «sustatzen» zuela argudiatuz, aurreko egunean PP-k debekua eskakizunari kaso egin zion Lakuako Barne Sailak.
Ertzaintzaren lau furgoneta lotu ziren 17.45-ean Udaletxe aurrean, jendea biltzen ari zen leku berean, baina 18.00ak aldera, bildutako jendea Sabino Arana kaletik plaza Gorrira abiatu zen. Minutu gutxira, eta zanpantzarren atzetik -zanpantzar batek zauri bat jaso zuen buruan kolpatua izan eta gero- polizien furgonetak agertu ziren leku berean. ``Gatza askatu'' leloa eta presoaren aurpegia erakusten duen kartelak eta ``Aski da'' leloa zeramaten beste batzuk aurrez-aurre ipinita, ``Presoak kalera, amnistia osoa'' leloa ohiukatuz, Ibaizabal kaletik abiatu zen manifestaldia.
Gudari kalea trenbidea zeharkatzen duen puntuan agertu ziren ertzainak manifestaldiaren burua bertara heldu zenean eta hantxe tentsio uneak bizi ziren eta pertsona bat erretenitu eta identifikatu egin zuten.
Aurrez-aurre hamar minutu egon ondoren, manifestariak bide beretik itzuli ziren Euskal Herria plazaraino. Ekitaldiari bukaera emateko asmotan amnistiaren aldeko mugimenduko kide bat-ek hartu zuen hitza, baina esan beharrekoa bukatu aurretik plaza inguratu zuten ertzainek eta kargatu ere bai. Amnistiaren aldeko mugimenduaren arabera, «Ertzaintzaren karga bortitzen ondorioz hainbat pertsona zauritu dira, eta bat behintzat ospitalean atenditu behar izan dute».
Ordutik aurrera, edukiontzi eta hesiekin eginiko suzko barrikadekin bete zen Zornotzako erdigunea, trafiko arazoak izan ziren eta suhiltzaileak ere agertu ziren sua amatatzeko. Bi ordu luzez izan ziren istiluak Zornotzan, Euskal Herria plazan ertzainen karga jasan eta gero. Amnistiaren aldeko mugimenduak balorazio bat luzatu zuen geroago, «gaurkoan Gatza-k 28 urte espetxean bete dituela eta, espetxe politika hiltzailearen aurkako mobilizazioak bildu gaitu gaur Zornotzan» esanez.
EAJ-k «sukaldatu, bultzatu»
EAJ-ren ardura gogoratu zuen ondoren amnistiaren aldeko mugimendua-k; «Espetxe politika hiltzaile hau sukaldatu eta bultzatu zuen PNV-k, indarrez debekatu nahi izan ditu gure aldarrikapenak, eta beste behin ere jipoitu egin gaitu hainbat zauritu eraginez». Irakurketa politikoa egiten du mugimendu honek «espainiar Estatuak errepresioaren salaketa eta errepresaliatuekiko elkartasuna desagertarazi nahi ditu» esanez, eta ondoren, «inposaketa mantendu eta independentismoarekin bukatzeko helburuz darabilen gerra estrategian, inpunitate osoa beharrezkoa du, euskal independetistak inongo oztoporik gabe atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta dispertsatzeko. Debekatu, jipoitu, mehatxatu eta erailtzeko. Garbi erakutsi du hori 33/01 epaiketak» baloratuz.
EAJ eta EA-ko arduradunei espetxe politika «hiltzailea» eta bereziki «dispertsioa diseinatzea eta bultzatzea» leporatu diete «espainar Estatuko indarrekin batera. Gaur, 22 urte beranduago, alderdi politiko berdinen erabakiz, indarrez ixilarazi eta jipoitu nahi gaituzte, 22 preso politiko eta 17 senide hil dituen espetxe politika honen aurka ahotsa altxatzera goazenean» salatu dute.
Atzoko debekura itzuliz, gogor salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak «PNV-k errepresio bortitzenaren alde egiten duen apustua». Alderdi horren «jarrera hipokrita lotsagarriz, giza eskubideen defendatzaile bezala saldu nahi dute bere burua, beste batzuei etikaren inguruan lezioak eman nahi dizkigu, gero gaurkoa bezalako ekitaldi baketsua indarrez debekatu eta ixilarazteko» gaineratuz. Bidalitako idazkian agertzen den moduan, «guzti honek erakusten digu `Ibarretxe egitasmoa'ren atzean ez dagoela Euskal Herrira benetako demokrazia ekartzeko helbururik, hauteskunde leiarako marketing plan bat besterik ez dela».
Dei bat luzatu die euskal herritarrei «bizi dugun salbuespen egoera larriaren aurrean; gaurkoan jarrera txalogarria erakutsi duten bezala, aurrerantzean ere mobilizatzen jarraitu dezaten. Inoiz baino garrantzitsuagoa da herriz herri errepresioaren aurka mobilizatzen eta errepresaliatuak babesten jarraitzea».