GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lakuak hainbat ordezkari kurduekin egindako ituna baliogabetu du Gorenak

2003an Gasteizko gobernuak herri Kurduko hainbat ordezkarirekin osasun alorrean sinatu zuen akordioa baliogabetu du Auzitegi Goren espainolak. Epaiaren arabera, Lakuak bereak ez diren eskumenak gainditu baititu itun hori sinatuta; kanpo harremanetakoa, alegia.

GARA |

Soilik Gobernu espainolarenak diren eskumenak bere eginez jokatu izana egotzita, Auzitegi Goren espainolak atzo berretsi zuen orain dela bost urte Lakuako Gobernuak «Kurdistango herriarekin» sinatu zuen akordio baten baliogabetzea. Ituna, osasun alorrekoa izaki, Lakuako Osasun kontseilariak eta Hego Kurdistango Gobernu Federalaren (Iraken dago) osasun ministroak sinatu zuten 2003ko apirilean. Kawa fundazio kurdua ere, osasun laguntza bideratzeko elkartea, itunaren sinatzailea da.

Auzitegi Goren espainolaren arabera, Lakuak sinatu zuena itunak Madrilen eskumenak «inbaditzen» ditu, zehazki kanpo harremanen alorrean. Izan ere, Gorenaren esanetan, halako akordioak egite hutsarekin Kurdistan estatu eduki behar duen nazioa dela iradokitzen baita.

Aipaturiko ituna Estatu espainoleko Administrazioak 2003ko apirilaren 1ean inpugnatu zuen; hain zuzen ere, EAEko Boletin Ofizialean argitara eman eta hurrengo egunean. Ondotik, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak (TSJPV) baliogabetu egin zuen. Erabaki horren aurrean, Gasteizko gobernuak errekurtsoa aurkeztu zuen, eta horixe izan da oraingoan Auzitegi Goren espainolak ezeztatu duena; Lakuako gobernua ezarri zuen errekurtsoa, alegia.

Ituna, erakunde pribatuarekin

«Kurdistan Estaturik gabeko nazioa da, Irakeko, Irango, Turkiako, Siriako eta Armeniako gurutzagunean kokatua». Honela hasten da auzitegi espainolek bertan behera utzi duten protokolo idazkia.

Nazioarteko komunitatearen aldetik, herri bezala Kurdistanen instituzio demokratikoen aitortza falta dela salatzen zuen idatziak, baita, oro har, kurduek bizi duten egoera kritikatu ere; batik bat, «herri kurduak estatu bizilagunekin dituen zailtasun politikoen ondorioz».

Akordioa, Osakidetza eta Kawa Fundazioaren artekoa da; erakunde kurduak osasun alorreko laguntza bideratzen du. Izenpetze egunean, Lakuako osasun kontseilari Gabriel Inclán eta Hego Kurdistango Gobernu Federalaren (Irak) osasun ministroak hartu zuten parte.

TSJPVren baliogabetze erabakiari ezarri zion helegitean, Gasteizko Gobernuak «Estatu subirau eta independiente bati erantzuten ez dion» erakunde batekin sinatu zuela defendatu zuen; horrexegatik, Lakuaren esanetan, akordio horrek ez ditu inoren eskumenak gainditzen.

Segundo Menéndez Pérez epaile espainola txosten emailea izan den sententzian, Auzitegi Goren espainolak TSJPVk erabilitako argudioak berresten ditu. Madrilgo auzitegiaren esanetan, Lakuaren akordio horrek «asmo politiko zehatz bat du, Kurdistan estatudun nazioa izan behar dela defendatzea, hain zuzen». Gorenaren ustez, baieztapen horrek «Estatu espainola posizio zailetara eraman dezake, batik bat beste estatu subirauekin (Turkia, Siria, Irak, Iran), erraz asko protokolo hori nazio kurduaren aitortza bezala ulertu baitaiteke».

Atzo kaleratutako erabakian, gainera, Lakuaren eta ordezkari kurduen artean sinaturiko akordioak Gasteizko gobernuari bere eskumenekoa ez duen funtzioa esleitzen diola salatzen du; nazioarteko harremanetarakoa, alegia. «Kanpo politikaren gai zehatz baten inguruan zalantzarik gabeko jarrera hartze bat dago», gaineratzen du Auzitegi Goren espainolak Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gobernua kritikatuz eta aipaturiko akordioa, beraz, baliogabetuz.

2003ko akordioa

Akordioa sinatu bezain laster inpugnatu zuen akordioa auzitegietan Estatu espainoleko Administrazioak. TSJPVk erabakia bertan behera utzi zuen 2003an, eta orain, Auzitegi Gorenak berretsi egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo