GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Itxitako komunikabideetako langile ohiek, adierazpen askatasuna aldarri

Adierazpen askatasuna, horixe ukatu zieten eta horixe aldarrikatu zuten atzo «Egin», Egin Irratia eta «Egunkaria»ko langileek ohiek. Atzo bete ziren hamar urte poliziak Hernaniko Eziagoko egoitzan sartu eta 21 urteko ibilbideari amaiera emanez «Egin» itxi zutenetik. «Ahotsik gabekoen ahotsa» isilarazi izana salatu zuten, eta epaitu dituzten edota epaiketaren atarian dauden lankideak izan zituzten gogoan, eta euren elkartasuna eskaini zieten.

p018_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Bertan batutako langile ohi askok ez dute berehalakoan ahaztuko 1998ko uztailaren 15eko goizaldea. Atzo bete ziren hamar urte Polizia espainola indarrez «Egin»en Eziagoko egoitzan sartu eta egunkaria eta Egin Irratia itxi zituenetik. Zorigaiztoko urteurrenarekin bat «Egineko, Egin Irratiko eta «Egunkaria»ko langile izandakoek auto-karabana egin zuten operazio hura salatu eta adierazpen askatasunaren aldarrikapena egiteko.

Dozenaka auto abiatu ziren «Egunkaria»ren Andoaingo egoitzatik hamaikak pasatxo zirenean, eta bozina joz osatu zuten Andoaingo Martin Ugalde eta Hernaniko Eziego industriagunea batzen dituen tartea. Autoetan itsatsita adierazpen askatasunaren ikurra, geroago guztiak egoitzaren atean itsatsita geratu zirenak, «Egin hamar urte» zioen mezuaren alboan.

Itxita dago orain hamar urtetik eraikina, barruan epaitegiek jarritako zaindariak baino ez dira sartzen. Hain zuzen, ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago irten ziren bi «zaindari» eta autoan utzi zuten tokia.

Itxitako hiru komunikabideetako langile ohien izenean jardun zuen komunikabideen aurrean Ixiar Arteaga kazetariak, eta adierazpen askatasunaren aldeko manifestua irakurri zuen.

«Egin»en egoitzara sartu ziren poliziek Baltasar Garzón epailearen agindua bazekarten ere, operazio haren benetako erantzulea Gobernu espainola izan zela nabarmendu zuen: «Horren inguruan duda izpirik ez uzteko, handik pixka batera, José María Aznarren berak onartu zuen hori. Turkian zela, orduko gobernuburu espainolak hitz ezin adierazgarriagoak bota zituen: `¿Acaso creían que no nos íbamos a atrever?'».

Polizia operazioak, «21 urteko informazio ibilbide bati amaiera bortitza» eman zion: «`Egin'-ek Euskal Herriko komunikabideen mundua arnasberritu zuen. Ez bakarrik ordura arte ezkutuan ziren hainbat errea-litate agerian utzi zituelako, baizik eta gainerako komunikabideak ere, frankismoaren babesean gizendutakoak barne, errealitate horiek nola edo hala azaltzera behartu zituelako», adierazi zuen.

Hamaika eraso jasandakoa

Ez zen, ordea, orain hamar urtekoa izan «ahots disidente hura, ahotsik gabekoen ahotsa» isilarazteko saio bakarra. Aurretik ere makina bat eraso jasoak baitzituen, baina «herritarren babesari esker, ordea, saio horien guztien gainetik salto egin zuten «Egin» eta Egin Irratiak.

Bi komunikabide hauekin hartutako bidea Gobernuak «Ardi Beltza»rekin eta «Egunkaria»rekin jarraitu zuela gogora ekarri zuen, aipatu komunikabideak itxiz.

Joan den larunbatean Hernanin egindako ekitaldian bezala, oso gogoan izan zituzten «Egin» eta Egin Irratiko auzipetuak, 18/98 makrosumarioan epaitu eta egun espetxean edota Auzitegi Gorenak helegitea aztertu bitartean baldintzapean aske daudenak. «`Egunkaria'koak berriz, epaiketaren zain daude eta, orain arte gauzak nola joan diren ikusita ezin da ezer onik espero», adierazi zuen, eurek egindako tortura salaketen aurrean ere epaileek ezikusiarena egin dutela gogora ekarriz. Guztiei, jada epaituak izan direnei, zein epaiketaren atarian daudenei, euren elkartasuna adierazi zieten komunikabideetako langile ohiek.

Euren adierazpena amaitzeko zera esan nahi izan zuten: «Geure apaltasunetik baina irmo adierazpen askatasuna aldarrikatu nahi dugu ahots guztientzat»; izan ere, ozen esan zuten, «botereak entzun nahi duena esateko hainbati aitortzen zaien adierazpen askatasuna, ez da adierazpen askatasuna».

Itxitako komunikabideetako langile eta kolaboratzaile ohiek, bai eta sostengua ematera bertaratutako herritarrek txalo zaparrada batekin amaitu zuten ekitaldia.

guztientzat

«Botereak entzun nahi duena esateko hainbati aitortzen zaien adierazpen askatasuna, ez da adierazpen askatasuna», zehaztu zuten langileek eskubide hori guztiei dagokiela aldarrikatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo