GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Brisson: «Gorabeherak gorabehera, Kontseilu Nagusia behar bezala ari da»

Arantxa MANTEROLA |

Kontseilu Nagusia eratu zenetik izandako hamaikatxo gorabeheren harira, Max Brisson UMPko kontseilariak irmo agertu zuen atzo Departamenduko erakundea behar bezala ari dela. Azken hauteskundeetan eskuina eta zentristak bereizita aurkeztu izanari leporatu zion, besteak beste, eserlekuetan izandako berdinketa, bere esanetan, «inork ez zuena imajinatu ere egin aurretik».

Bi talde nagusiek (eskuina eta zentristak batetik, eta sozialistak bestetik) hogeita seina kontseilari izateak ez zituen kontseilu berria eratzean gauzak erraztu. Hala, adinez nagusiena izateagatik hautatu zuten, azkenean, Jean Casteings lehendakari. Alta, Brissonek nabarmendu zuen Casteings-ek «legitimitate osoa» duela eta horrela aitortzen diotela kontseilari orok.

Ez dago UMP-PS itunik

Biarritzeko hautetsiak argi utzi zuen, berdinketak «gobernagarritasuna bermatzeko modu eraginkorra bilatzera behartu zituela bai UMP baita MoDem ere eta, eztabaida askoren ondotik, PSrekin adostu zutela modu hori. «UMPk ez du, haatik, konpromisorik PSrekin. Gure betiko aliatuak zentristak dira eta hurrengo hauteskundeetan elkarrekin saiatuko gara berriz ezkerrari irabazten», gaineratu zuen.

Departamenduko Auzapezen Elkartearen lehendakaritza txandakakoa izateko UMPek eta PSk bateratuta berrikitan egin duten proposamena «bidezkoa» dela uste du Brissonek eta «Kontseilu Nagusiarekin zerikusirik ez duen afera» dela nabarmenduta, «politikeriaz jositako eztabaida guztiak behingoz eteteko» desioa agertu zuen.

Hainbat proiektu abian jarri izanak frogatzen du, hautetsiaren ustez, Kontseiluak bere zeregina betetzen duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo