GARA > Idatzia > > Euskal Herria

LABek eta AHT Gelditu!-k gogor salatu dute obrak ezkutuan hasi izana, eta mobilizatzera deitu dute

GARA |

Tolosaldeko eta Goierriko LABeko ordezkariek bilkura egin zuten atzo Beasain eta Ordizia artean Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak hasi dituztela salatzeko. Bide batez, langileriari uztailaren 26an Ordizia izango den manifestazioan parte hartzeko deia egin zioten.

Lehenik eta behin, tren horrek ohiko trenarekin eta gizarte laguntzarekin zerikusirik ez duela argitu zuten. Alderantziz, «gutxi batzuek pentsatutako proiektua da, gutxi batzuen erabilerarako. Eta guztion artean ordaindu behar dugu». Gainera, «gaurko garraio sistema jasanezina» bere horretan mantenduko lukeela uste dute. Garbi utzi nahi izan zuten ez dela trena eztabaidarako gaia, «zentzugabeko azpiegitura erraldoi hau baizik». «Ibarretxe jaunak uste du honelako inbertsio ikaragarri bat egitea merezi duela gure mugikortasun eskaeraren %0,15 bakarrik betetzeko? Hori da garapena?», galdetu zuten.

«LABen ustez, gehiengo euskal sindikalgintzarentzat, eta gizarte honen gehiengo zabalarentzat, garapenak tren nahiz garraio eredu praktiko, eraginkor, sozial, ekonomikoki gauzagarri, herritarrentzat eskura egongo dena, energetikoki aurreztailea eta ekologikoa behar du izan, eta ez kapitalaren pilatze soila», ohartarazi zuten. Proiektua sakon eztabaidatu, herritarrek demokratikoki erabaki eta erabakia errespetatu behar dela gaineratu zuen LABek.

Elkarretaratzea Arrasaten

«Munstro honi» behin-betiko ezetz esateko garaia dela agertu zuten Deba bailarako AHTren kontrako kideek. Arrasaten egindako agerraldian, proiektu hau gauzatu nahi dutenei proiektua geldi dezaten exijitzeko, eta guztion artean «denon beharrak aseko dituen proiektu soziala» eraikitzeko ordua dela esan zuten.

Deba Bailaran, beste toki batzuetan bezala, udako oporrak baliatuz, obrak isilean hasi dituztela salatu zuten. Eta hori inposizioaren erakusgarri jo zuten. Baina hori ez dutela inolaz ere onartuko ziurtatu, eta oposizioa gero eta handiagoa eta geldiezina dela ohartarazi zuten. Aramaion ere, herriak ezetz esan arren, obrak aurrera darraitela kritikatu zuten.

Horregatik guztiagatik, ostiralean Arrasateko elkarretaratzean parte hartzeko eskatu zieten herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo