GARA > Idatzia > > Mundua

Minuad-eko soldadu bat hil dute, NBE Darfurretik irteten ari den bitartean

Premiazkoak ez dituen tropak Etiopiara eta Ugandara bidaltzea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak, segurtasun arrazoiengatik. Jada, 150 kidek utzi dute Darfur. Baliteke egoerak okerrera egitea, atzo Minuad misioko soldadu bat hil baitzuten Darfurren mendebaldean.

p022_f01_199x108.jpg

GARA |

Minuad misioko soldadu bat hil zuten atzo Fur Borinqa izeneko eskualdean, Darfurreko mendebaldean. Minuadekoek ez zuten erasoaren inguruko zehaztapen gehiagorik eman, eta soldaduaren jatorria zein den ere ez dute argitu. Pasa den astean, beste zazpi kide galdu zituen segada batean, Darfurren iparraldean. Eraso horiei aurre egingo diela nabarmendu zuen berehala Segurtasun Kontseiluak. «Neurriak hartuko ditugu. Minuaden kontrako edozein eraso edo mehatxu onartezina da», helarazi zuen.

Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusiak Omar al Bashir bertako presidentea atxilotzeko agindua eman eta gero, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi zuen premiazkoak ez dituen tropak Sudanetik kanpo eramango dituela. Herenegun, bi kamioi atera ziren al-Facherreko kuarteletik aireportura, Ugandarako eta Etiopiarako norabidean. Nyala hiria, Darfurreko hegoaldean, 32 kidek utzi zuten. Arazo teknikoak direla medio, atzo arte gainontzeko kideek ezin izan zuten Darfur utzi.

Orotara, azken bi egunotan «premiazkoak ez diren» 150 kidek alde egin dute Darfurretik, Sudango agintariek baieztatu zuten arren badituztela soldaduak eta NBEko langileak zaintzeko bermeak. Minuadeko langileen norakoa Etiopia eta Uganda izan dira gehienbat, baina Sudango hegoaldera lan egitera alde egin duenik ere bada. Hala, Darfurren alerta gorria zabaldu den arren, Sudango beste eskualde batzuetan arriskurik ez dagoela adierazi dute NBEko kideek.

«Minuadeko 150 langilek Darfur uzteak ez du esan nahi bertako lana etengo denik», plazaratu du NBEk. Izan ere, kide horiek «premiazkoak ez direla» nabarmendu, eta beste 10.000 lagunek Darfurren lanean jarraitzen dutela jakinarazi zuten. Gainera, ateratako tropen itzulera datozen egunetan edo asteetan izan daitekeela ohartarazi dute Minuadeko arduradunek, bertako egoeraren larritasunak behera eginez gero.

Hagako auzitegiaren esku-hartzea salatzeko mobilizazioak egin diren arren, batez ere, Khartum hiriburuan, oraingoz Sudanen ez da egon istilu larririk. Dena den, Nazioarteko Zigor Auzitegiak emandako ebazpen horrek mendebaldeko enbaxaden aurkako erasoak eragin ditzakeela uste dute bertako eta mendebaldeko herrietako agintariek. Erasoak eraso, NBEk atzo berretsi egin zuen misioa bertan behera ez uzteko hautua.

Sudango Gobernuak eta bere presidenteak inguruko hainbat gobernuren sostengua jaso du, baita Liga Arabiarrarena ere. Egoera «benetan larria eta arriskutsua» dela ohartarazi ondoren, zalantzan jarri zuen al-Bashir atxilotzeko eskaera onerako izango ote den.

Garbiketa etnikoa

Genozidioa bultzatzea, gizateriaren aurkako erasoak eta gerra krimenak leporatu dizkio Omar al Bashir presidenteari Luis Moreno Ocampo fiskalak. Zehazki, fiskal nagusiak «fur, masalit eta zaghawau etniak desagerrarazteko plan bat sortzea» egotzi dio Sudango presidenteari. Etnia horiek 2,5 milioi pertsonek osatzen dituzte, Afrikako herrialde honen populazio osoa 4,5 milioikoa denean.

Darfurren 2003. urtean hasi zen gerra. Datu ofizialen arabera, hildakoak 300.000 badira ere, genozidioa 2,5 milioi biktimetara hel litekeela adierazi du Moreno Ocampok, «al-Bashirrek aipatutako etniak arriskutsuak ikusten baitzituen bere boterearen iraupenerako». Argudio horiek emanez arrazoitu zuen Ocampok bere esku-hartzea.

«Ebazpena Afrikako agintari guztientzako mezua da»

Juba hirian pozez hartu dute Hagako fiskal nagusiak emandako atxiloketa-agindua. Sudango hegoaldeko hiri autonomo honetan ere genozidioa gertatu zela gogorarazi zuten bertako agintariek.

Jubako irrati bateko zuzendariak ohartarazi zuen legez, Hagako ebazpenak «Afrikako agintari guztiei mezu argi bat bidaltzen die: delituak egitekotan, zigorra jasoko dutela, hain zuzen ere».

Ebazpenak Darfurreko genozidioa aipatzen duen arren, Sudango hegoaldean 21 urte luzez pairatu behar izan zuten gerra zibila. Bi milioi hildako eragin zituen gerra horretan adostutako bake hitzarmena Juban ez da oraindik indarrean jarri. GARA

LEHENENGOA

Hagako fiskalak presidente ohiak atxilotzeko agindurik lehenago eman badu ere (Slobodan Milosevic eta Charles Taylor liberiarra kasu), agintaldia betetzen ari den agintari baten aurka emandako lehen ebazpena da Omar al Bashir-en kontrakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo