GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

PNVren marketin politikoa

Ondo aukeratzen dituzte, benetan, enpatia lortu behar dutenak; eta horrelakoetan hortxe dugu Urkullu, bere ahots gomoso-arekin, laguntxoekin, mahaia alde batera utzita, «komandita» alaian jesarrita berbetan.

AEBetan sortu zen fenomeno hau, eta ez da harritzekoa. Herrialde «demokratiko» guztietako hauteskunde kanpainei darie antzeko hatsa, baina kontu guztietan bezala, yankiek behar dute gailendu, baita irrigarri geratzean ere. Gure herrira etorrita, ingurura begiratzea besterik ez dago ideien mundua itxuraren mesedetan aspaldi galdu zela egiaztatzeko; erreparatu, esaterako, hauteskunde kartelek -badakigun salbuespena salbuespen- alderdiaren «irudia» den pertsonaren aurpegi handia islatzen dutela. Kontua ez da ideiak zabaltzea, baizik eta pertsonak saltzea. Eta horretarako teknika asko daude.

Horrela bada, Euskal Herriko agertoki politikoan gero eta pauso gehiago ematen ari da estatubatuarren marketinerantz. Gakoa ez da Basagoitik gorbatarik daroan ala ez, berritasuna, horrela deitu ahal bazaio, PNVren eskutik etorri da oraingo honetan.

Orain dela hilabete batzuk hasi ziren gogor. Hasieran mitinetan ikusi ahal izan genuen Ibarretxek eta une hartan Imazek ere, atrila albo batera utzi eta zelan egiten zieten berba hirugarren adineko «lehen lerroko militanteei» aurrez aurre. Horrelaxe eduki genituen iazko Alderdi Egunean esaterako, agertokian guztiz aurreratuta, jendearengana hurbiltzen, eta enpatia horren seinale, eskuak ere guztiz libre, eskuko mikrofono barik, eta azalpenak ematean gogoz mugitzen alde batera eta bestera. «Superguaixe!»

Orain, kokapen fisikoari dagokionez, beste aurrerapauso bat eman dute euren hurbiltasunean: prentsaurrekoak. Ondo aukeratzen dituzte benetan enpatia lortuko dutenak, eta horrelakoetan hortxe dugu Urkullu, bere ahots gomoso-arekin, laguntxoekin, mahaia alde batera utzita, «komandita» alaian jesarrita eta berbetan, baina ez medioekin, medioek gero guri helarazteko. Horixe da ezberdintasuna, jendeari egiten diote berba zuzenean, edo behintzat horrela ahalegintzeko esan die marketin zuzendariak. «Supercool!»

«Town hall meeting»-a izan da abian jarri duten beste teknika. Azken hau, denok ulertzeko, estatu mailako telebistako «Tengo una pregunta para usted» programaren formatua da. PNVk Internet bidez egin du, «konpondu.net» webgunean: jendeak Ibarretxeri galderak bota eta berak gerora erantzun, edo.

Gauza hauek ez dira batere berriak, baina nik txokotxo honetara ekartzeko gogoa izan dut; azken batean, horrela ikusten ditudanean, pena tantarekin batera barregura ere ematen didatelako. Beharbada ohartarazi beharko zaie AEBetan apurka apurka marketin teknika hauek guztiak gero eta neke handiagoa sortzen dutela, eta Euskal Herrian, zorionez, ez garela, oraindik, yankiak bezain sinpleak. Edozelan ere, jakin nahi nuke nor den eta nondik atera duten marketin zuzendaria. Beharbada Idahoko Euskal Etxeko baten semeak edo alabak negozio itzela egin du eta, gainera, eskolako argiena izan barik, berton aplikatu dituen kontuekin ez baitu burua larregi nekatu.

PNV bezala, lar ikusita dago hori guztia eta, gainera, penagarria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo