San Miguel Liga
Ikusmina Pedreñan lehen Ohorezko Txanda ikusteko
Behin txanda zozketak amaituta, arraunzaleek Urdaibai, Orio, Castro eta San Pedro parez pare lanean ikusteko aukera izango dute Marina de Cudeyon
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Galiziako estropadetan San Miguel Ligako traineruen kezka nagusia haizea izan zen, eta gaur Marina de Cudeyon jokatuko den proban, ordea, marearen gorabeherak izango dira arraunlarien buruhauste nagusia. Arazo handirik egon ez dadin estropada hamabost minutu aurreratzea erabaki dute antolatzaileek, baina ikusi egin beharko da zein egoeratan aurkitzen duten estropada eremua kirolariek. Pedreñak antolatzen duen IV. Marina Cudeyo Bandera 17.45ean hasiko da eta ETBk zuzenean eskainiko du.
Beste berrikuntza nabarmena txandak sailkapen nagusiaren arabera osatuko direla izango da, eta ez zozketa bidez, erlojupekoak izan ez diren orain arteko estropadetan egin den bezala. Horrenbestez, lehen txandan Laredo, Arkote, Tirán eta Hondarribia irtengo dira. Bigarren txandan arituko direnak Cabo, Pedreña, Zumaia eta Zarautz izango dira. Eta ohorezko txanda San Pedro, Castro, Orio eta Urdaibairentzat izango da.
Arraunaren gorengo mailan tradizio handirik ez duen bandera izan arren, azken hiru urte hauetan probak izan dituen irabazleen izenak oso kontuan hartzekoak dira. 2005ean Astillero nagusitu zen eta 2006an Hondarribia; eta iaz garaipena Urdaibairentzat izan zen. Horrek erakusten du, esanak esan, Pedreñako estropada eremua nahiko fidagarria dela ontzien indarrak neurtzeko garaian.
KAE Liga, Santurtzin eta Orion
KAE Ligako ontziek, bestetik, bi hitzordu garrantzitsu dituzte gaur arratsaldean. Lehen multzoko hamabi ontziek Santurtziko XXXIX. Ikurrina izango dute jokoan Ibaizabal itsasadarrean (17.30). Lehen txandan Portugalete, Zierbena, Busturialdea eta Santurtzi irtengo dira. Bigarrenean Donostiarra, Castro, Ondarroa eta Hondarribiak egingo dute arraun. Eta hirugarrenean Pasai Donibane, Isuntza, Camargo eta Kaiku arituko dira. Estropada eremua betikoa izango da eta ontzi bakoitzari egokitzen zaion kaleak zeresan handia izango du azken emaitzetan.
Bigarren multzoan, azkenik, Bisiguaren Bandera jokatuko dute Orion (18.00). Estropada erlojupekoa izango da eta ibaian jokatuko dute. Ciudad de Santander irtengo da lehenik bakarka eta gero binaka arituko dira bikote hauek: Luanco-Raspas, Deustu-Hibaika, Getxo-Colindres, Maruca-Trintxerpe eta Orio-Astillero. Ikuskizuna eta giroa ez dira faltako herrian.
San Leonardo Yagüe (22.00)
Del Rey-Merino I / Cabrerizo II-Galarza VI; Titin III-Pascual / Gonzalez-Goñi III.
Gernika (17.15)
Berasaluze VIII-Apraiz / Retegi Bi-Eskudero; Bengoetxea VI-Mendizabal II / OIaizola I-Patxi Ruiz.
Alegi (23.00)
Leiza-Argote / Saralegi-Peñagarikano.
Barakaldo (17.30)
Camarero II-Mitxelena / Mikel-Altuna; Antxia-Gorriti / Aritz Lasa-Garmendia.
Ezkarotze (17.30)
Bengoetxea VII-Arretxe / Urdaniz-Armendariz.
Donpaleu (19.30)
Ibarrola-Ozafrain / Larretxea-Waltari.
Mutriku (17.00)
Garcia-Endika / Otxoa-Exposito; Goixerri-Pradera / Konpa-Aritz.
Durango (22.30)
Mikel-Garita / Aimar-Garai; Baronio-Irastorza / Lander-Felix; Olha-Alliez / Treku-Urtaran.
Galarreta (16.00)
Martinez II-Aizpurua II / Ibarzabal-Gaztelu; Urriza-Lizaso / Zeberio II-San Miguel; Altuna I-Etxeberria III / Juaristi-Urrutia; Bitoria-Ion / Uterga-Agirrezabala.
Sopela (12.00)
Zarraga-Larrinaga / Zulaika-Ibargarai; Gaubeka-Imanol / Fusto-Galan.