Abadiñon Abiadura Handiko Trenaren aurka batzeko deia egin du Segik
Abadiño-Durango zatian eta Eskoriatzan hasi berri dituzten AHTren lanak direla-eta, Segik Abadiñon gaur eguerdirako antolatu duen mobilizazioan parte hartzeko dei egin du. Datozen asteetarako ere, beste hainbat lekutan proiektu horren aurkako ekintzak prestatuak dituzte.
GARA |
«Herriak hamaika modutan baztertu duen» Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontra gaur eguerdiko 12.00etan Abadiñon egitekoa den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du Segik.
Azken bi asteetan, beste bi gunetan hasi dituzte AHTren lanak; Bizkaian Abadiño eta Durango artean, eta Gizpukoan Deba bailaran, hain zuzen ere. Segiren esanetan lurren desjabetzeak egin orduko «isil-isilik hasi dira eraikuntza lanetan». AHTren eraikuntza lanak Euskal Herriko toki ezberdinetan aldi berean hastea «aurreikusitako desafioa zen beraientzat» Segiren arabera, baina horren aurrean zera adierazi dute: «Antolatu dugun erantzun sendoa abisu moduan har dezatela».
Lukun, lan istripuan hildakoa ekarri zuten gogora eta, beren iritziz, horrelako gertaerek «lanak egiteko duten presa dela medio, duintasuna galtzeko gai ere badirela erakusten dute». Administrazioak berriz, gertaera horren aurrean, «eskuak garbitu» dituela adierazi zuten. Izan ere, gazte mugimenduaren hitzetan, «bai enpresek bai eta administrazioak ere aski ondo dakite modu horretan lan egiteak hildakoak eragin ditzakeela».
«Inposatu egin nahi dute»
Segiren arabera, herritarrek «proiektu horri, behin eta berriz, eman diote ezezkoa baina, hala ere, inposatu egin nahi dute». Jarrera hori agerian uzten du, esaterako, Elorrion, Atxondon edo Aramaion eginiko herri galdeketetan proiektuak jasotako ezetzak: «EAJk eta PSOEk «oztopatu eta baliogabetu egiten dituzte iritzi horiek; ez dute lotsarik, aldiz, euren interesen araberako galdeketa eskatzeko. Interes ekonomikoak dituzte proiektu horren kudeatzaile nagusi diren PNVk, UPNk eta PSOEk, eta obren bidez diru publikoa poltsikoratu nahi dute» .
Gogor salatu dituzte azken asteotan AHTren aurkakoek Deba bailaran eta Abadiño-Durangon egiten hasi berri diren eraikuntza lanak. Aurretik hasita zeuden obrei hauek gehitu zaizkie.
Deba bailarako AHTren aurkako kideek adierazi zutenez, bertako herritarrek «proiektu honekiko duten aurkako jarrera argi geratu da; baina hori guztia kontuan hartu gabe, obrak hasi dira gure bailaran». Abadiñon eta Durangon ere protestak egin dituzte azken aste honetan, tartean Matiena auzoan Euskotrenen tren bat geldiarazi eta bertan idatziak egin zituzten. Datozen asteetarako, hainbat protesta eta ekitaldi prestatu ditu AHTren aurkako asanbladak; horien artean uztailaren 24tik abuztuaren 3ra Zaldibian egingo den XIII. Akanpada.
Atzo Arrasaten, lagun ugarik elkarretaratzea egin zuten arratsaldean, herriko plazan, AHTren obrak hasi direla-eta protesta egiteko.