Irurtzungo jaiei hasiera eman die 25 urte bete dituen konpartsak
Irurtzunen hasi dira jada jaiak ospatzen, atzo arratsaldean erraldoi eta buruhandien konpartsako kideek, txistulariekin eta gaita-jotzaileekin batean, suziria bota ondotik. Jarraian, Irurtzungo musikari taldeek eta Orritz dantza taldeak eman zioten segida jaiari, herriko kultura aberatsa ezagutaraziz. Iaz jaiotako haurrei jaietako zapia jarri, eta erraldoien atzetik abiatu zen kalejira, herrian barna. Gaur quad erakustaldia eta antzerkia izango dira, besteak beste.
Jasone MITXELTORENA |
Erraldoi eta kilikien konpartsak txistulariekin eta gaita-jotzaileekin batera botatako suziriak hasiera eman zien atzo Irurtzungo jaiei. Plazan giro bikaina zegoen 18.00etarako, eguraldia lagun, ederki egoten baitzen hain inguru ederrak dituen herri honetan. Ordurako, konpartsako kideak udaletxeko balkoian zeuden, irurtzundarrak agurtu eta suziria leherrarazteko. Ikurrina handi bat zegoen balkoian, euskal preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzen zuen ikurraren ondoan. Plazan, berriz, AHTren kontrako kartelak izan ziren deigarriak.
Musika bandak, txistulariek eta gaita-jotzaileek beren saioak egin zituzten txandaka, kilikiek haurrak airean jartzen zituzten bitartean. Deabruaren, sorginaren edo agure zaharraren itxura izanagatik ere, haurrek maitekiro musukatzen zituzten kilikiak, horiek horretarako atsedena hartzen zutenean.
Ez ziren horiek izan, hala ere, plazan ibili ziren pertsonaia bakarrak. Zaldikoak, helduak nahiz txikiak, hara eta hona zebiltzan, puxika eskuan, kilikiak bezala. Zaldikoaz gainera, herensuge bat ere bazebilen. Baina pertsonaietan nagusi, erraldoiak izan ziren. Gartzia Ximenez, Amaia, Teodosio Goñikoa eta Petronila beren altueratik plazara begira ari ziren, inguruan zituzten gazteek dantzara noiz aterako zain. Aurten 25 urte bete dituen konpartsa osatzen dute pertsonaia horiek.
Jaietara ongietorria
Behin besta lehertuta, aurten lehen aldiz parte hartzen dutenei ongietorria egin zieten, iaz jaiotako irurtzundarrei, hain zuzen ere. Beraien izenak aditu ahala, erraldoien aitzinean bilduz joan ziren gurasoen besoetan pozik ageri ziren umeak, eta konpartsako kideek bestetako zapia jarri zieten. Zeremonia hori amaituta, erraldoiak dantzan jarri ziren, herrian barrena ibili zen kalejira hasiz. Horiei segika, musika taldeak, txistulariek, dantza taldeak, kilikiek, zaldikoek, herensugeak eta herritarrek.
Gaur 12.00etan «Zirika zirkus» ikuskizuna emango dute, eta arratsaldean berriz, quad txapelketa. Pilota partidak ere izango dira, eta horiek amaitzean, «Perlas y Plumas» antzezlana. Gauean Abiba disko-festa izango dute dantzatzeko.
Euskal kulturako eta mitologiako pertsonaia anitzek Irurtzungo plaza hartu zuten atzo; kondairatik ateratako erraldoiak, herensugea, deabru eta sorgin itxurako kilikiak... eta zaldikoen talde handia, bai helduek, bai txikitxoek osatua.