GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

SOKATIRA Euskal Herriko Txapelketa

Goiherriri txapelen bat kentzeko azken aukera izango dute Txapelketan lehiatuko diren beste bi taldeek

J.L. | DONOSTIA

Erandion, San Kristobal auzoan gaur jokatuko dute, 18.00etatik aurrera, 680 kilotako Euskal Herriko Txapelketako lehen jardunaldia. Denboraldia amaitzeko pisu hau bakarrik geratzen da, gainerakoetan amaitu da-eta, talde bera izanik denetan garaile, orain arte jokatutako pisu guztietako txapela Goiherriko mutilek jantzi baitute.

Goiherrik pisu honetan bi talde jarriko ditu, A eta B taldeak izango dira, gainerako pisu guztietan egin duen bezalaxe. Areso eta Gaztedi izango dira beste bi taldeak, eta lauren artean jokatu beharko dituzte txapelketako hiru jardunaldiak.

Orain arte Goiherrik erabateko nagusitasuna erakutsi du, nahiz eta 600 kilotan lan asko egin behar izan duen Gaztedi menderatzeko. Azken jardunaldira berdinduta heldu ziren, baina amaieran berdeek jantzi zuten txapela.

Beraz, Gaztedik eta Aresok azken aukera izango dute, aurtengoz, irabazteko. Hiru jardunaldi hauetan Goiherri mendean hartu beharko dute, bestela, txapel guztiak etxe berean geratuko dira. Gaur, ordea, hori ez da lan erraza izango, Goiherri bere jarraitzaileen artean arituko baita, eta bera mendean hartzea oso zaila egingo zaie gainerakoei.

Herriz herrikoa

Bestetik, bihar abiatuko da Iturenen Nafarroako Herriz Herri Txapelketa. Bertan herri-kiroletako probarik gehienak ikusi ahal izango dira, eta taldekako saioa izango da, aurreko urteetan egiten den moduan.

Iturenen, Igantzi, Garralda eta Ultzama neurtuko dira. Lehen jardunaldian hiru talde hauek arituko baldin badira ere, txapelketan zehar, Berriozar, Basaburua eta Gure Txokoa, Berakoa, ere arituko dira.

Beran, Elizondon, eta Berriozarren ere izango dira ligaxkako jardunaldiak, eta txapelketa bera Arraiotzen amaituko da. Irailaren 6an izango da hori. Tarte horretan, herri-kirolaren zaleek era askotako probak izango dituzte ikusgai, aizkoran, trontzan, harri-jasotzen, txingan, lokotx-biltzen, zaku lasterketan eta korrikan, besteak beste arituko baitira kirolariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo