Negoziazioak hasteko akordioa sinatu dute Mugabek eta oposizioko kideek
Zimbawe jasaten ari den krisialdiaren konponbidea gertuago dago, Mugabe presidenteak eta oposizioak izenpetutako akordioari esker. Bi aldeek negoziazioei jarritako aurrebaldintzak gaindituta, «benetako elkarrizketa» hasteko aukera sortu dela adierazi dute bitartekariek.
GARA |
Robert Mugabe eta oposizioko kideek sinadura jarri zioten atzo Zimbawen negoziazioak hasteko akordioari, Harare-n egindako bilkuran. Elkarrizketek hainbat bitartekari izan dituzte, Thabo Mbeki Hegoafrikako presidentea kasu, baina oposizioak Nazio Batuen Erakundea (NBE) eta Afrikako Batasunaren bitartekaritza eskatu zuen, Mbeki-ri «Zimbaweko Gobernuaren alde» egotea leporatzen baitiote.
28 urte luzez Zimbaweko presidente den Robert Mugabek ekainaren 27an bertako hauteskunde orokorrak irabazi zituenetik, krisi iraunkorra jasaten ari da Afrikako herri hori, oposizioak ez zituelako bozketaren emaitza ofizialak onartu. Ezegonkortasun horri konponbidea bilatzeko, uztaila hasieran elkarrizketa txanda bati ekin zioten Gobernuak eta oposizioko kideek, Morgan Tsvangirai, MCD alderdiko agintaria, buru hartuta. Ikuskatzaileen arabera, bi aldeek elkarrizketei aldez aurretiko baldintzak jarri arren, lehen urratsak ematen hasi dira, «benetako elkarrizketari» ekiteko asmoz.
Afrikako Batasuna «itxaropentsu» agertu da Hararen lortutako akordioarekin, Zimbawen batasun nazionaleko Gobernu bat eratzea eta krisialdiari amaiera ematea espero duelako. Mugabe baikor agertu zen negoziazioekin, «gure Konstituzioan aldaketak egin behar direla adostu dugulako». Etorkizunari buruz ere hitz egin zuen 84 urteko presidenteak, bere hitzetan, «aginte politiko berri bat ekarriko duen bidea diseinatzea» izan baita elkarrizketen helburua.
Militarrak erne
Baina oposizioarekin sinatutako akordioa ez zen izan Mugabek atzo zabaldu zuen mezu bakarra. Izan ere, Zimbaweko Gobernuak militarrei eskatu zien «herrialdearen subiranotasunari egiten dizkioten erasoen aurrean erne jarraitzeko». Philip Sibanda agintari militarraren erantzuna berehala jaso zuen Mugabek. «Hauteskundeen emaitzak errespetaraziko ditugu, Gobernuaren aurka egiten dutenek ezin izango dituztelako herri honen nahiak zapuztu».
Mendebaldeko hainbat herrialdek, batez ere, Europar Batasunak eta AEBek, Mugabek irabazitako azken hauteskundeei zilegitasuna kendu diete. Ekainaren 27an egindako bozketan parte hartu zuen bakarra Mugabe izan zen, oposizioak uko egin ziolako aurkezteari erasoak jasaten ari zirela-eta.
Gobernua eta oposizioak sinatutako agirian, krisialdiari amaiera emango dion akordio politikoa bi asteren buruan lortzea aurreikusten dute bi aldeek.