GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Kazeta.info» egunkari digitalaren proiektuak lortu du 2007ko Ekimen saria

Sariaren bigarren edizioaren aurkezpenaren karietara, iazko hiru irabazleak iragarri zituzten atzo. Helburua euskara sustatu eta zabaltzen duten ekimen pertsonal zein kolektiboak ekonomikoki bultzatzea da.

p018_f01.jpg

Xabi HERNANDEZ |

Saria «oso garrantzitsua» izan dela nabarmendu zuen Iparla elkarteko koordinatzaile Agus Hernanek, 2007ko proiektu irabazlearen bultzatzaile izan denak, hain zuzen ere. Ate berriak ireki dizkiela azaldu zuen, baita proiektua abian jartzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eskaini ere. Hernanen eta beste bi saridunen izenen berri atzo eman zuten Baionako Elkar megadendan sariketaren bigarren edizioaren aurkezpenaren harira egindako agerraldian.

Iragan urtean ikusi zuen argia lehenengoz Euskal Kultura Sostengatzeko Herriarteko Sindikatuak sortutako Ekimen sariak, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) ere babestuta. Antolatzaileok esan bezala, sari honek ekimena eta asmo sortzailea sustatu nahi ditu Ipar Euskal Herrian, «euskara eta euskal kulturari lotuak direnak». Izan ere, diotenez «xedea talentuko gazteen eta proiektu berritzaileen sustengatzea da». Eta, hori arlo desberdinetan; esate baterako, literatura, kantagintza, musika, antzerkia, ikus-entzunezko edota teknologia berrietan.

Komunikabideak eta literatura

Pasa den irailean aurkeztu ziren proiektu guztiak eta horietatik hiru baino ez zituzten finalista hautatu, bi komunikabide eta ikus-entzunezkoen alorrean, eta bestea, berriz, literatur sorkuntzan kokatzen den ekimena.

Sarien banaketa 2007ko abenduan burutu zen, eta guztira 15.000 euro banatu zituzten. Irabazleak, Kazeta.info egunkari digitalaren proiektuak alegia, 10.000 euro jaso zituen. Bigarren, berriz, ekimen pertsonal bat geratu zen, Amaia Hennebutte gazteak haur literaturaren barruan aurrera ateratako proiektua, alegia, eta honek 3.000 euro izan zituen. Hirugarren saria, 2.000 eurokoa, azkenik, Kanaldude telebistarentzat izan zen.

Aukeraketa prozesua hizpide hartuta, Hazparneko auzapezorde Patxi Arotzarenak zehaztu zuenez, «hautatzerakoan ez dago berez irizpide hertsirik, originaltasuna nahiz euskaraz izatea da sariketan baloratzen dena, eta ez soilik euskal kultura mintzagai izatea».

Sindikatuko presidente Vincent Bruk goraipatu egin zuen EKEk egiten duen lana, plazaratu berri den IV. Inkesta Soziolinguistikoak, erabilerari dagokionez, islatzen dituen emaitza txarren harira. «EKEn euskararen hedapenean segitzen dugu, hizkuntzak behar duen leku publikoa berreskuratu eta hura jendarteratzeko asmoz».

«Proiektua oso aurreratuta»

Ekimen sariak Kazeta.info proiektua ezagutarazteko balio izan du, besteak beste, nahiz eta jendaurrean eta behin betiko irailean aurkeztuko duten. Halere, proiektua «oso aurreratuta» dagoela baieztatu du Hernanek eta egunkari digital honetan jardungo duten langileek, dagoeneko, hilabete daramate zereginean. Donibane Garazin izango du egoitza eta webgunetik edota harpidetza bitartez irakurri ahalko dela zehaztu du arduradunak.

Era berean, «egitura eta funtzionamendu propioak» izango dituen ekimena dela azaldu dute, eta jarri direla jada Euskal Herriko komunikabide zein kazetariekin harremanetan, sare trinko bat osatzeko asmoz.

BIGARREN EDIZIOA

Bigarren edizio honetan 10.000 euro banatuko dituzte orotara, eta saritu bakarra edo bi izango direla zehaztu dute. Kanboko (Lapurdi) herriko etxean aurkeztu beharko dira proiektuak, urriaren 15erako berantenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo