GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Giltzapean

Giltzapean laga ditu hiritarren ahots eta mihiak Frantziako Legebiltzarrak. Hamaika gako asmatu ditu kaleko jendea gaztelu distiratsuaren atarian betiko gera dadin. Giltzarri zahar eta berriak uztartuz, demokrazia ziega barruan bortizki abandonaturik.

V. Errepublikan zehar sarritan moldatu dute Konstituzioa. Inoiz ez errege errepublikanoaren erresuma amaiezina murrizteko. Sekula ez botereen arteko oreka bilatzeko. Inondik inora haizeberritzeko aspaldidanik hertsia dagoen jauregia.

Lisboako akordioari ezetz esan beharrean baietz errateko aholkatu die Nicolas Sarkozyk irlandarrei. Beste hainbeste egin du eskuineko bere taldekideekin; horien askatasuna errespetatu beharrean nola edo hala bide oneko boza ematera bultzatuz. Norberaren borondatez egiten ez denak emaitza eskasak eman ohi ditu. Zaila da, benetan, Versailleseko bilkuran onarturiko erreformari etorkizun argia antzematea.

Hiritarren eskubideak giltzapean gordetzen ditu Konstituzioak. Lehengoak zein margotu berri duten testuak. Ez zaie bidea irekitzen beren hitza eman nahi dutenei, eta hizkuntz gutxituen hiztunei, zuzenki hitza ukatzen zaie. Museotan diren ondareak ez dira mintzatzen, eraikinaren jabeek ordezkatzen dute beren ahotsa, ditxosozko afixa batzuk han-hemenka zintzilikatuz. Euskaldunek, katalanek, bretoiek, alsaziarrek... eskatzen duten aintzatespena ez dator bat legebiltzarkideek asmatu duten iraganeko ezaugarritze horrekin.

Giltzapean izatea gutxi bada, hiritarrak momifikatu nahi dituzte oraingoan, horrela errazago baita existituko ez balira jardutea. Sarkozyri esker Estatu frantsesa eskubideen basamortu bilakatzeko bidean da; errege errepublikarraren agindupean kartzela erraldoia bihurtzeko bidean da Frantzia. Uztailaren hasieran 64.250 lagun ziren espetxeraturik. Azken lau urteotako kopururik handiena. Horretan bederen, Frantzia Europar Batasuneko goiko postuetan jartzea lortu du mandatari eskuindarrak. Estatuak berak emandako datuen arabera, kartzelen %60 jendez gainezka dago, eta toki bakoitzeko bizpahiru preso dira. Segurtasun errezeta justiziaren hondamendia. Lehenean giltzapean jarri eta ondoren momifikazio prozesuan sartu nahi dute hiritarren errepublika.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo