Ordenagailurik zaharrenaren bila dabil sarean bere izena ezagun egin nahi duen enpresa bat
Edozertarako erabiltzen ditugu teknologia berriak; tresna bat ez bada, bestea. Gainera, erosi orduko zahartu egiten dira! Ez da ohikoa izaten, gailu horiek urte luzez irautea. Orain, ordea, zorteko izango da etxean ordenagailurik zaharrena duena; berria lortzeko aukera izango baitu doan.
Janire ARRONDO
Aurretik Intel etxeak egin zuen bezala, informatika gailuak eta teknologia berriak saltzen dituen 3001PC enpresak lehiaketa bat jarri du martxan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei begirakoa da, eta dagoeneko parte hartzeko epea murritza da, uztailaren amaiera arte egingo baita. Kontua, erabilgarri dagoen ordenagailurik zaharrena aurkitzea da. Badaezpada etxean gordetzen ditugun traste zahar horiei hautsa kentzeko aitzakia ona izango da honakoa.
Irabazlearen saria, doan eskuratuko duen Lenovo ordenagailu eramangarri bat izango da; baina, parte hartzen duten gainerako guztien artean ere, beste bat zozketatuko da. Horrela, hain ordenagailu zaharra ez duen jendea ere parte hartzera animatzen dute.
Lehiaketa hau «botatzeak pena ematen dielako, beren ordenagailua etxean gorderik duten guztiei zuzenduta dago» Jonathan Algar kanpainaren arduradunak azaldu duenez. Hala ere, egia da teknologia berriekin «zahar» kontzeptua aldatu egin dela. Izan ere, orain urte gutxitan bihurtzen dira gailu teknologikoak zahar. Algarrentzat «polita da, maiz, bere aparatua jendearentzat zeinen kuttuna bihurtzen den ikustea». Beharrezko izan arren jendeak nolabaiteko lotura sentitzen du aparatuekiko, gustuko izaten ditu. Hainbat oroitzapen ekartzen dizkietelako, jendeak ez ditu horren erraz baztertzen aparatu zaharrak. Beren saltokia ezagun egiteaz gain, 3001PC enpresako kideek jendea Internetez tresna informatikoak erostera bultzatu nahi dute, eta horretarako «zein hoberik teknologiarekiko interes berezia agertzen duten horiek baino». Horrenbestez, ordenagailu berri baten beharrak bultzatuta, edo lehiaketa hau berezia iruditu zaielako, dagoeneko jendea ari da ordenagailu zaharren argazkiak saltoki horren webgunean jartzen.
Hala eta guztiz ere, lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko hainbat baldintza dira bete beharrekoak, esaterako, 3001PCko denda birtualeko bezero izan beharra egongo da; horretarako, webgunean bertan izena eman daiteke. Parte-hartzaileek nahi adina ordenagailu aurkez ditzakete, webgunean argazkia jarri eta gailuaren deskribapena emanez. Agertutako datarekin bat ez datozen ordenagailuak, ordea, lehiaketatik kanporatzeko eskubidea izango dute antolatzaileek. Gainera, ordenagailuak erabiltzeko moduan egon beharko dira. Izan ere, antolatzaileek, ordenagailu irabazlea martxan dagoen edo ez baieztatuko dute. Lehiaketan parte hartzen dutenen artean, ordenagailurik zaharrena zein den jakiteko urtea hartuko da kontuan. Baina, berdinketarik gertatuz gero, zerbitzu teknikorik onenak dituenak irabaziko du.
Izena ezagun egiten
Gaur egun, gero eta gehiago dira Interneten aldeko apustua egiten duten enpresak; izan ere, sareak aukera ugari ematen ditu eta gauzak modu errazean egin daitezke bertan. Bai lanerako, bai eta egunerokorako ere, aldaketa handiak ekarriko dituela diote adituek.
3001PC informatika eta teknologia berrien dendaren asmoa, beren saltokia, eta bereziki Internetez erosketak egiteko duten denda birtuala ezagutaraztea da. Zaila da, ordea, jendeak marka bat ezagutzea lortzea, izen asko baitaude merkatuan. Hori horrela izanda, enpresei beharrezkoa zaie komunikazio plan eraginkorrak abian jartzea. Ongi pentsatutako publizitate plana egiten ari dira 3001PC enpresakoak. Izan ere, ordenagailu zaharrena aurkitzeko lehiaketa horretan parte hartzen dutenak, gutxi-gehiago, teknologiekiko interesa agertzen dutenak dira. Eta hain zuzen ere, enpresa horrek publiko horren artean nahi du ezagun egin beren webguneko denda birtuala, teknologiarekiko interesa duten horiek izan daitezkeelako beren erosleak.