GARA > Idatzia > > Kultura

Argazkien «egoera naturala» aldarrikatu du Laharraguek

Euskarrian aldaketak proposatzen ditu Franck Laharrague argazkilari biarriztarrak, borobiltasuna oinarrizko printzipio gisa ezarriz. Dimentsioen arteko transgresioa planteatzen du Ander Deuna elizan ikus daitekeen erakusketan, pertzepzioa eta errealitatearen bitartekari gisa.

p048_f01_97x104.jpg

Xabi HERNANDEZ | BIARRITZ

Argazkien bidez egin ohi den munduaren irudikapena zalantzan jarri nahi izan du Franck Laharrague argazkilari biarriztarrak estreinatu berri duen «Sphère-Planisphère» erakusketan. Hogeita lau lanek osatzen dute bilduma hau, eta guztien gainean zaindari bailitzan, Biarritz harrapatzen duen «foto-esfera» panoramiko handi bat. Laharraguek berak ondotxo dioenez, «nire argazkiak borobilak dira, naturalki borobilak». Izan ere, esferen borobiltasunari heldu dio, bere iritziz, hori baita errealitateari begiratzeko «berezko forma».

Bere munduan, eta hau ikusteko moduan, murgiltzeko gonbita egiten du artistak. Ikusleak kanpotik ikusten duena, kanpotik hautematen duena alegia, berak barrutik hartzen du argazkira eramateko. Horregatik, hauetara salto egitera deitzen du ikuslea Laharraguek, berak hauteman eta sentitu duena hark ere antzeman dezan, denbora eta espazioaren mugak hautsiz.

Dimentsionaltasuna urratuz

Horrenbestez, argazki borobilak aurkezten ditu, esfera batetik begiratuta baleude bezala baina, aldi berean, bi dimentsiotan ematen ditu planiesferak sortuz. Hau da, lauak diren esferak. «Zergatik atera argazki karratu edo angeluzuzenak eta bi dimentsiotan, gure begietatik boribil forman eta hiru dimentsiotan ikusten dugula jakinda?». Hori da Franck Laharrague erakusketa egitera bultzatu eta erabat motibatu duena. Mundua eta errealitatea antzemateko formaren inguruan hausnarketa sakona egitera eraman duena, hain zuzen ere.

«Kanpotik, espaziotik globoa ikustean esfera bat dela konturatzen gara, borobila edo esferikoa eta hiru dimentsiotan ulertu behar dena», gaineratu du argazkilariak. «Hala ere, guk beti lau eta bi dimentsiotan irudikatzen dugu», adierazi du.

Kanpoaldea eta imaginarioa

Argazkigintzak malgutasuna erakutsi behar duela uste du Laharraguek; gehiago esperimentatu beharko litzatekeela eta arte honen mugak apurtu, nahiz eta azken urteotan urrats handiak eman direla onartzen duen. «Makinen objektiboak borobilak badira eta errealitatea hiru dimentsiokoa, zergatik pertzepzioaren eta errealitatearen arteko apurketa hori?», galdetu du.

Hori oinarri hartuta sortu du, beraz, metro bateko diametroa duen argazki-esfera, eta bertan sorterriko argazki panoramikoa irudikatuta agertzen da. Irudizko esfera batean sartzea bezalakoa da, kanpotik barrura egiten den bidaia, hain zuzen ere. Egilearen iritziz, «dimentsio batetik bestera igarotzearen antzerako sentsazioa sorrarazten du lanak».

Erakusketa hau ikusteko aukera uztailetik abuztuaren 31ra arte luzatuko da. Biarritzeko Ander Deuna elizak gordeko ditu «Sphère-Planisphère» lana osatzen duten hogeita lau irudiak. Ez da lan hau, ordea, Biarritzeko argazkilariak aurkezten duen lehena. Laharragek jakin badaki beste erakusketak ezin direla behin betiko publikoarentzat ikusgai geratu. Hortaz, webgunea jarri du abian (photographe-biarritz-laharrague.blogspot.com) aurreko lan guztiak ere biltzen dituen Internet bidezko erakusketa berri baten antzekoa sortuz.

Biarritzetik mundura begira objektiboetatik

Biarriztarra da Franck Laharrague argazkilaria, eta bere jaioterrian aurkeztu du «Sphère-Planisphère» erakusketa, bai eta bildumaren hainbat lan eskaini ere. Portretek abiatu zituzten bere hastapenak, baina laster gai zehatzei buruzko irudiak hartzen hasi zen, hala nola, paisaiak, surfaren ingurukoak, arkitektura edota sukaldaritza. Herrialde askotan izan da argazkigintza dela medio, eta hurrengo proiektuak, esaterako, Israeleraino eramango du. Oraingo honetan, pertzepzioarekin jolasean Ander Deuna elizan ikusgai izango da abuztuaren 30era arte.

X.H.

ZALANTZA

«Zergatik atera argazki angeluzuzenak eta bi dimentsiotan, gure begietatik borobil itxuran eta hiru dimentsiotan ikusten dugula jakinda?»; zalantza horretatik jaio zen «Sphère-Planisphère» bilduma.

MUGAK HAUTSIZ

Artistak bere munduan, baina gehienbat hau ikusteko moduan, murgiltzeko egindako gonbita da erakusketa. Azkenean, berak sentitu duena ezagutzeko aukera ematen du, denbora eta espazioaren mugak hautsiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo