Lakuaren «interes eza» salatu du Praileaitzen Lagunak elkarteak
Lakuako Gobernuak duela zortzi hilabete Praileaitz babesteko onartu zuen dekretuaren moldaketa bere horretan dagoela salatu zuen atzo Praileaitzen Lagunak elkarteak. Adierazi zuenez, Gobernuak «interes politiko eta ekonomikoak interes kolektiboen gainetik» jarri ditu.
Odeia AIESTARAN | DONOSTIA
Praileaitzen Lagunak elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren jarrerari buruz eta Praileaitzen inguruko babes faltari buruz mintzatu zen atzo Donostian egindako agerraldian. Bertan parte hartu zuten taldeko kide Fito Rodriguez idazleak, Iñaki Epelde margolariak, Fernando Larruquert zinema zuzendariak, Koldobika Jauregi eskultoreak eta Xabi Otero argazkilari eta editoreak.
Prentsaurrekoan garbi adierazi nahi izan zuten, Praileaitz I kobaren babes osoa eskatzen duten bezalaxe, mazela guztiarena ere aldarrikatzen dutela. Alde horretatik, Amenabar enpresa egiten ari den lanak erabat gelditzea eskatu zuten.
Abiapuntutzat 2007ko uztailaren 17a hartu zuten, orduan Lakuako Gobernuak «ustez Praileaitz I babestekoa» zen dekretua atera baitzuen; gutxieneko babes eremua 50 metrotan jartzen zuen dekretua. Baina duela zortzi hilabete, Gasteizko Legebiltzarrak, aurkako botorik gabe, idazkia aldatu eta hobetzea eskatu zuen. Hori horrela izanda ere, Praileaitzen mazelak arriskuan jarraitzen duela adierazi zuten atzo eta, horrez gain, Amenabar enpresa ustiatzaileak «zigorrik gabe» lanean jarraitzen duela eta administrazioak neurririk hartu ez izana nabarmendu zuen Fito Rodriguezek. Gainera, Praileaitzen babesa eskatzen duten txosten zientifikoak ezkutatu diren susmoa ere badutela aipatu zuen.
Lakuako Gobernuak «zabarkeriaz», «era ilunean» eta «bere interesen alde» jokatu duela salatu zuen atzo taldeak. Hainbat adituren txostenen aurrean kontraesanezko jarrerak besterik ez dituela hartu ere gaineratu zuten.
Iñaki Epeldek adierazi zuenez, adibide garbiena Jean Clottesek, Unescoren kontsultore den eta orain gutxi Ekain eta Altxerriko kobak Gizateriaren Ondare izendatzeko bitartekari izan denak, egindako informea da. Atzo adierazi zuenez, gobernuak ez du Praileaitz babesteko eskatzen zuen txostenaz hitz egin nahi izan. Miren Azkaratek eskatutako idazkian indusketa arkeologikoak aurrera jarraitzeko beharra azpimarratzen da, «ezin bereiz daitekeen multzoa» osatzen baitu Praileaitzek. Clottesek aipatzen duenez, Amenabar enpresa egiten ari den harrobia ustiatzeko leherketek arkeologoak bertatik ateratzera behartzen baditu, haitzuloko pinturak eta bandera estalagmitikoak galzorian egongo dira. Hori guztia ezkutatzean, Epeldek, «interes politiko eta ekonomikoak interes kolektiboen gainetik» jarri dituela leporatu dio Lakuako Gobernuari.
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta bere gobernuko kideek ez dutela gaiarekiko interesik agertu aipatu zuten, hiru aldiz biltzeko eskaera egin arren. 2007ko azaroan, abenduan eta 2008ko apirilean egindako elkarrizketa saiakeretatik bakar batek ere ez duela erantzunik izan gaineratu zuten.
Bestalde, taldeak iragarri zuenez, Arartekoak, inplikazioa duten administrazio guztiei Praileaitzen mazela lehenbailehen babesteko eskatuz egindako espedientea noiz aurkeztuko duen zain daude.
Atzerabiderik gabe
Xabi Oterok aipatu zuenez, Praileaitzen inguru osoaren babes eraginkorra berehala abiarazi beharra dago. Mazela etengabeko «erasopean» dagoela eta guztia gordetzeko moduan dagoela ziurtatzerik ere ez dagoela gaineratu zuen. Horren harira, agindutako babes eremutik kanpo geratzen den inguruaren zati baten suntsipenak atzerabiderik ez duela esan zuen, «leherketa bakoitzak eta makinek eragindako ebaki guztiek ez dute atzerabiderik».
Azkenik, nahiz eta Praileaitzek behar lukeen babesa «oso urrun» dagoela onartu, Lakuako Gobernuari, bere egitekoa izanik, dekretuak zer dela-eta jarraitzen duen aldatu gabe galdegin diote.
Amenabar enpresa arkeologo eta ikerlarien lana oztopatzen ari dela salatu du Praileaitzen Lagunak elkarteak. Oinarrizko eskubideak «urratzen» ari diren bitartean Administrazio publikoa besoak gurutzaturik dagoela esan du.