Serbiako Gobernuak bere aukerak baliatzen ditu
Boris Tadicek zuzentzen duen gobernuak Radovan Karadzic-en atxiloketa ahal izan duenean eta nahi izan duenean egin du. Alde batetik, ahal izan duenean atxilotu du, ziur asko aurretik egin ahal izan duen arren, beste une batean operazio horrek ekar zezakeen kostu politiko eta soziala ordaintzeko gai ez zelako. Orain, ordea, kostu hori lehen baino askoz ere txikiagoa da. Besteak beste, uneotan Milosevic zenaren alderdiarekin gobernuko kide delako. Beste alde batetik, Karadzic hala nahi izan dutenean atxilotu dute, aurretik atxilotzeko aukera izan badute ere une honetan atera dezaketelako atxiloketa horretatik etekin politiko handiena.
Hartara, Karadzicen atxiloketa oso garrantzitsua da, zalantzarik gabe, baina giza eskubideen edo garaipen polizialaren ikuspuntutik baino gehiago ikuspuntu politikotik nabarmendu behar da. Serbiako agintariek, azken hamarkada beltzen ondoren, serbiar interesak babesteko eskura dituzten aukerak baliatzen asmatu beharra dutela argi ikusi dute. Eta horretan dabiltza. Gainera, badaukate beste aukera bat, aukerarik preziatuena: Madlic jenerala. Baina serbiarrek aukera hori balia dezaten Europar Batasunak bizi duen krisialdian eskaini dezakeena baino gehiago eskaini beharko luke. Partida ez da amaitu, baina hein batean serbiarrek jokaldia beren alde dute orain.