GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola Getaria

Lan bizitzeko... ala bizi lanerako

Aurreko lanarekin alderatzeko honakoa aipatu zidan: «Como soléis decir vosotros, hay que trabajar para vivir, no vivir para trabajar». Aspaldi entzun gabe nuen esaldi honek bere ahotan benetako zentzua zuela ohartu nintzen

Ustekabe txikiek, zorizko topaketek nahiz gertaera bitxiek eman ohi diote gozotasun ukitu bat gure egunerokoari. Errutina antzua hautsiz, aurrera egiteko beharrezko alaitasuna pizten dute, egun guztiak berdinak direlako sentsazio itogarria arinduz.

Duela hiru urte ezagutu nuen Allin, herriko futbito txapelketan. Errumaniatik lanera etorritako mutilek osatutako taldean jokatzen zuen eta pixkanaka elkarren lagun bihurtu ginen. Asteko zazpi egunetan egiten zuen lan auzo bateko baserrian; hamasei orduko lanegunak ere izaten zituen. Mutil sendoa, adeitsua eta saiatua, lanean igarotzen ez zuen denbora apurra jatordu eta lotarako baliatu beharko zuen baina, hala ere, futbolean jokatzeko indarrik bazuen.

Denbora luzez elkarren berririk gabe egon ostean, Andoainen egin genuen topo aurreko egunean, ustekabean. Harrituta eta pozik agurtu genuen elkar, elkarri Andoainen zer egiten genuen galdetuz bezala. Egun, edari banatzaile lanetan ziharduela esan zidan eta gustura zebilela. Alai nabaritu nuen nik ere. Eguneko 8-9 ordu soilik egiten zuela lan gaineratu zidan eta orain denbora librea zuela, bizitza zuela. Aurreko lanarekin alderatzeko honakoa aipatu zidan: «Como soléis decir vosotros, hay que trabajar para vivir, no vivir para trabajar». Aspaldi entzun gabe nuen esaldi honek bere ahotan benetako zentzua zuela ohartu nintzen eta, aldi berean, Europar Batasuna proposatzen ari den 65 orduko lan asteaz oroitu.

Gosea, pobrezia, milioika hildako edota desberdintasun sozial onartezinak eguneroko ogi diren honetan, argi dago Lehen Mundu deiturikoaren bizi mailak ezin duela bere horretan jarraitu. Mendebaldeko gizartearen ongizatea eta kontsumoa ezingo da inoiz mundu guztira zabaldu. Denak gu bezala bizitzea ezinezkoa da, jasan ezin daitekeen zerbait. Lurrak ez du hainbesterako ematen. Gutxiengo batek dugun bizimodua mantentzeko, gehiengo handi bat miseria gorrian bizitzera behartzen dugu.

Ondorioz, eta aipatutako arazoei konponbidea aurkitu nahi bazaie, aldaketa garrantzitsuak egin beharko dira eta denok onartu beharko dugu lehenago ala beranduago gure bizi maila jaistea. Guztiz kontu desberdina da ordea, murrizte ahalegin guztiak langileen kontura izatea. Ez da bidezkoa lehen ere larri dabilenari bere bizi maila jaisteko exijitzea, batzuek euren betiko luxuzko bizimoduari eusten dioten bitartean.

Horrez gain, benetan kezkagarria iruditzen zait hainbat mendetako borroken ostean, hainbeste kostata lorturiko langileen eskubideak desegiteko agertzen duten erraztasuna: jaiegunetan lana, lan baldintza prekarioak, behin-behinekotasuna, segurtasun falta, sindikatuen kriminalizazioa... eta orain 65 orduen afera. Lana eta bizitza bateratzea inoiz baino garrantzi handiagoa hartzen ari den honetan, guztiz lekuz kanpokoa, gehiegizkoa, zentzugabea da Europar Batasunak egindako planteamendua.

Azken bi galdera: benetan zenbat ordu egiten dute lan astean Europar Batasuneko ministro eta parlamentariek? Eta zenbatekoak dira beren soldatak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo