GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Uriaren helegitea atzera bota eta tortura salaketa artxibatu du epaitegiak

2003an, «Egunkaria»ren kontrako polizia operazioan Guardia Zibilak atxilotu eta bost egunez inkomunikatuta eduki ostean, Iñaki Uriak torturak jasan zituela salatu zuen. 2007an Donostiako epaile batek lau guardia zibil inputatu zituen salaketari erantzunez. Gerora baina, Madrilgo epaitegi batek auzia bere gain hartu eta artxibatu egin zuen. Uriak horren aurkako helegitea jarri bazuen ere, epaitegiak atzera bota eta behin betiko artxibatu du tortura salaketa.

p018_f01.jpg

GARA |

Madrilgo epaitegi batek behin betiko artxibatu du «Euskaldunon Egunkaria»ko kontseilari ordezkari Iñaki Uriak 2003. urtean aurkeztutako tortura salaketa, honek jarritako helegitea atzera bota ondoren.

Iñaki Uria 2003ko otsailaren 20an atxilotu zuen Guardia Zibilak, «Euskaldunon Egunkaria»ren aurkako polizia operazioan. Bost egunetan inkomunikatuta egon ondoren, Uriak torturak jasan izana salatu zuen. Aranjuezeko (Espainia) kartzelan espetxeratua zegoela aurkeztu zuen Uriak tortura salaketa, Donostiako Instrukzio Epaitegian.

Auzitegiko medikuaren txostenek eta Xabier Oleaga auzipetuaren testigantzak Uriaren tortura salaketa sinesgarria zela ondorioztatzera eraman zuten Donostiako Instrukzioko 1. Epaitegiko Nekane Rodríguez epailea. Horrenbestez, Uriaren atxiloketan parte hartu zuten bi guardia zibil eta Madrilen atxilotuaren zaintzaz arduratzen ziren instruktorea eta idazkaria inputatu zituen Rodríguez epaileak, 2007ko otsailean.

Inputazioaren harira, auzipetutako guardia zibilen abokatuak eta fiskalak erabakiaren aurkako helegiteak aurkeztu eta auzia Madrilgo epaitegiaren esku uzteko eskatu zuten. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak eskaera onartu eta Madrilgo Instrukzioko 17. Epaitegiko Cárlos Vaquero epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen bi aste igarota, tortura kasua epaitzeko prozesua amaitutzat joz. Iñaki Uriak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen orduan.

Madrilek ez du frogarik ikusi

Oraingoan, Madrilgo epaitegiak Iñaki Uriaren helegitea ukatu eta behin betiko artxibatu du honek aurkeztutako tortura salaketa. Auziaren artxibatzea aurkezteko autoan agertzen denez, epaitegi honek ez du guardia zibilak epaitzeko froga nahikorik topatu tortura salaketan.

Iñaki Uriak torturak Madrilen jaso zituela esan zuela argudiatuta, epaitegiak ez du arrazoirik ikusi atxiloketan parte hartu zuten guardia zibilak inputatzeko; eta ez du behar beste frogarik ikusi Madrilen atxilotuaren zaintzaz arduratzen ziren instruktoreak eta idazkariak torturarik praktikatu zutela pentsatzeko. Gainera, Madrilgo epaitegi honek Iñaki Uriaren testigantzak sinesgarritasunik ez duela uste du.

Xabier Oleagaren lekukotasunari dagokionez, epaileek ez dute sinesgarritasun nahikorik ikusi honen testigantzan ere, ez behintzat guardia zibilak epaitzeko adinakoa. Izan ere, aurkeztutako autoaren arabera, «Iñaki Uriak torturak jasan zituela espetxean kontatu ziola besterik ez du esaten».

Bere garaian, auzitegiko medikuaren txostena izan zen Nekane Rodríguez Donostiako epailea guardia zibilak inputatzera bultzatu zuen elementuetako bat. Txosten horren arabera, Iñaki Uriak eskuineko eskumuturrean, ezkerreko besoan eta ezkerreko hankan zauriak zituen. Madrilgo epaitegiaren arabera, eskumuturreko zauriak eskuburdinek eragindakoak ziren eta hankako zauria eskaileretan estropezu egitearen ondorio. Gauzak horrela, lesio horien gainean «gezurra» esan izana leporatu diote epaileek Uriari. Bere azalpenek sinesgarritasunik ez dutela ebatzita eta froga falta argudio hartuta auzia behin betiko artxibatu dute.

uria eta oleaga

Tortura salaketa artxibatu duen epaitegiaren ustez, Xabier Oleagaren eta Iñaki Uriaren testigantzek ez dute , ez batak ez besteak, guardia zibilak epaitzeko behar besteko sinesgarritasunik.

medikuen txostena

Madrilgo epaitegiak plazaratutako autoaren arabera, Iñaki Uriak eskumuturretan zituen zauriak atxiloketa uneko eskuburdinek eragindakoak ziren eta ezkerreko hanka eskaileretan estropezu eginda zauritu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo