GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

Gipuzkoako txapelketa

Ikurrina mantentzeko asmoz joango da Zarautz Kontxara

San Pedro eta Orio gertu ibiliko dira txapelketaren bila eta Zumaia eta Hondarribia ere ezin dira baztertu

p044_f01.jpg

Imanol SESMA | DONOSTIA

19.00etatik aurrera Gipuzkoako traineruen txapelketa jokatuko da gaur Kontxako badian. TKE Ligan dabiltzan bost ontzi gipuzkoarrak dira garaipena lortzeko hautagai nagusiak: San Pedro, Orio, Zarautz, Zumaia eta Hondarribia.

Hala ere, badira gertuagotik jarraitu beharreko hiru talde. Aurreko urtean bere historian estreinakoz txapelduna izan zen Zarautz izango da horietariko bat, tituluari eusteko gaitasuna erakusten ari baita aurtengo denboraldian.

Gertu ibiliko da denboraldi hasiera txukuna egiten ari den San Pedro, ez baita kasualitatea oraingoz San Miguel Ligako hirugarren postuan sailkaturik egotea. Pasaitarrek, 1997. urtean lortu zuten Gipuzkoako txapelketa azkenekoz, eta gogoz arituko dira. Azken bi estropadetan bi ontzi hauek baino itxura kaskarragoa eman duen arren duela hamar egun Telefonica Banderan gailendu zen Orio izango da hirugarren faboritoa. Gipuzkoako talde guztien artean garaipen gehien dituen ontzi honek 2002. urtean lortu zuen azken aldiz Gipuzkoako txapeldun izatea.

Zumaia izango da hiru ontzi horiekin ohorezko txandan arituko dena, bihar arratsaldeko hiruretatik aurrera, azken txandan alegia. 2004., 2005. eta 2006. urteetan txapelduna izan zen Hondarribia aldiz, txanda horretatik kanpo geratuko da denboraldi hasiera eskasa egin izanaren ondorioz. Pasai Donibane, Donostiako Kaiarriba eta Trintxerperekin aritu beharko da bigarren txandan, hasiera batean Ama Guadalupekoarekin alderatuz maila apalekoak diren hiru ontziekin.

Azkenik emakumeak ere bai

Gipuzkoako Arraun Federakuntzak emakumeen Gipuzkoako traineru txapelketa antolatu du lehendabiziko aldiz, senior mailan; horretan Tolosako TAK, Hondarribia eta Zumaia-Getaria arituko dira lehian biharko Kontxako lehenengo txandan.

Tolosako TAKek 13.00etan bere traineruaren aurkezpen ofiziala egingo du Plaza Zaharrean, eta hitzarmena sinatuko du Udalarekin. Horren helburua arrauna bultzatzea eta proiektu berri bat aurkeztea izango da; nolanahi ere, gaurko une historikoa 19.00etan izango da.

HISTORIKOA

Emakumezkoen Gipuzkoako traineru txapelketa ere jokatuko da historian lehen aldiz, seniorren mailan. 19.00etatik aurrera jokatuko den biharko lehen txanda honetan Hondarribia B, Tolosaldea eta Zumaia-Getaria arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo