GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak

Ezkurraren gidaritzapean Sorhuetek ez du barkatu

Pausuako aurrelariak eta Urruñako atzelariak erraz jantzi zuten Donapaleuko Torneoko txapela

LARRETXEA-WALTARI 32

SORHUET-EZKURRA 40

Jon LEUNDA | DONAPALEU

Larretxea eta Waltari ziren Donapaleuko Torneoa irabazteko faboritoak, edo hori esaten zuen behintzat, diruak, beraien alde atera baitzen. Azkenean, ordea, Sorhuetek eta Ezkurrak jantzi zuten txapela.

Pausuakoak eta Urruñakoak egin zuten finalerdia ikusita ez zuten konfiantza handiegirik ematen. Nahiz eta partida hura irabazi, argi zegoen atzoko aurkariak menderatzeko zerbait gehiago egin beharko zutela, eta horrelaxe egin zuten.

Paxkal Ezkurraren gidaritzapean, Sebastien Sorhuetek ere partida handia egin zuen, eta amaieran nahiko ongi irabazi zuten. Hasieratik aitzineratu ziren markagailuan, eta alde nabarmena lortu zuten, 11-24. Ordura arte, partida fite zihoan, eta horrela joango zela zirudien. Alta, orduantxe heldu zen Zuraidekoaren eta Kubakoaren erreakzioa, eta hauek zailena egin zuten, hiru kintzetara gerturatu ziren, 23-27.

Tarte horretan, ordea, Olivier Larretxeak eta Agusti Waltarik erruz lan egin behar izan zuten. Hori nabaritu egin zuten, batez ere Zuraidekoak, eta aurkariek ez zuten aukera hori alferrik galtzen utzi.

Berriro ere erasora jo zuten Sebastien Sorhuetek eta Paxkal Ezkurrak, eta berriro ere alde handia lortu zuten, 0-9ko partzial bati esker 23-36 jarri baitziren markagailuan.

Une horretan argi baino argiago zegoen finala nork eramango zuen, oso zaila baitzen horri buelta ematea, eta horrelaxe izan zen. Larretxeak eta Waltarik erantzun nahi izan bazuten ere, beraiek ere bazekiten partidari buelta ematea ia ezinezkoa izango zela. Hortik aurrera egindako tantoek markagailua itxuratzeko bakarrik balio izan zuten.

Paxkal Ezkurra izan zen, dudarik gabe, atzoko pilotaririk onena. Orain dela urte pare bat zuen freskotasuna berreskuratu ezinik dabil, baina ikaragarrizko maila du, eta berak jokatzen duenean aurkariek oso zail izaten dute. Atzokoan tanto bakar bat ere ez zuen galdu eta horrek zerbait erakusten du. Sorhuetek ere oso partida ona egin zuen. Beste aldean, Olivier Larretxea izan zen ahulena, Waltari ongi aritu baitzen.

LARRETXEA-WALTARI

32

SORHUET-EZKURRA

40

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo