Euskal preso politikoen egoera
«Krudelkeria» amai dadin kalera ateratzeko dei egin du Etxeratek
Aski dela adierazi zuen atzo Etxeratek. «Estatuen inpunitatea, politikarien harrokeria eta presoen eta beren senideon aurkako krudelkeriari amaiera emateko», gizarteari kalera ateratzeko deia egin zion. «Igandean denok hondartzetara!» esanez amaitu zuten Donostiako agerraldia. Bilboko Arriagan, ehun lagun bildu ziren presoen eskubideen alde.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Ezer baino lehen, Etxerat elkarteko ordezkariek haserrea plazaratu nahi izan zuten «egoera jasanezin honetan kazetari eta kazeta batzuek duten jarrera» dela-eta.
Estatu espainolak eta frantsesak, hamasei senide hil eta gero, astero-astero milaka kilometro eginaraziz familiakoak eta lagunak heriotzara bultzatzen jarraitzen dutela salatu zuten. Hogeita bi euskal preso politiko hil ondotik, hainbat espetxetan sakabanaturik dituzten herritarrak heriotzara bultzatzen jarraitzen dutela kritikatu zuten, urteetan ziega txikietan bakartasunean giltzapetuta edukiz, gaixotasun larriak dituztenak ez askatuz, espetxe zigorrak betetakoan ez askatuz.
«Hiltzeko bokazioz ari dira»
«Ez dezagun geure burua engainatu, kondenak betetakoan askatzen ez dituztenean, gaixotasun larriak dituztenak askatzen ez dituztenean, gure senideak hiltzeko bokazioz ari dira. Gure senideek duten motibazio politikorik gabe inor gutxik jasango lukeelako urte luzeetan jasaten ari direna», ondorioztatu zuen Manu Errazkinek. Jose Mari Sagardui «Gatza»k 28 urte daramatza preso. Espetxe politika «kriminaletik» bizirik atera da, beste hainbat eta hainbat lagun bezala.
«Espetxe politikak hildako» Oihane Errazkinen aitarekin batera, makina bat senitarteko eta lagun elkartu ziren Donostian prentsaurrekoa emateko. Han ziren, besteren artean, Irati Aranzabal, Iñaki de Juanaren neska-laguna; Salvadora Arranz, semea eta ilobak ikusteko Galiziaraino, Andaluziaraino eta Pariseraino joatera behartzen duten 87 urteko emakumea; Lurdes Gorrotxategi, Asun Gorrotxategi eta Jon Artola iheslari politikoei laguntza ekonomikoa emateagatik duela bost urtetik kontuak bahituta dituzten senideen ordezkaria; Mari Luz Sebastian, larriki gaixorik dagoen Juanjo Rego preso politikoaren emaztea; eta Zutoia Mitxel, sakabanaketak hil zituen Argi Iturralderen eta Iñaki Balerdiren erraina eta koinata.
«Izugarrizko odoluste ekonomikoa» jasaten dute hauek, bi estatuek behartutako kilometro guztiei aurre egitearen ondorioz, ezartzen dizkieten «fidantza beldurgarriei» aurre egitearen ondorioz, «babesa eman beharko liguketen instituzioek hau guztia salatzeagatik jartzen dizkiguten» isunen ondorioz. Gainera, instituzio horiek gogor kolpatzen dituztela azaldu zuten, joan den uztailaren 12an Zornotzan Gatza-ren askatasuna eskatzeko manifestazioan gertatu zen bezala. «Orain, etxeak bahitzen hasi zaizkigu».
Horren guztiaren aurrean, euskal gizarteari dei egin zioten. Krudelkeria amaitzeko herritarren konpromisoa, babesa eta presioa beharrezko dituztela adierazi zuten: herriz herriko askotariko dinamikak, iganderako hainbat herrik hondartzetan deitutako elkarretaratze eta manifestazio koloretsuak bezalakoak. «Estatuen inpunitatea, politikarien harrokeria eta gure eta geure senideen aurkako krudelkeria amaitzeko, euskal gizarteari kalera ateratzeko dei egiten diogu: igandean denok hondartzetara!», esanez eman zioten bukaera agerraldiari.
Urtarriletik ekainera bitarteko balantzean eurek zein beren senide errepresaliatu politikoek jasan dituzten hainbat eskubide urraketa bildu dituzte: «Hemen bildutakoak ez dira jasan ditugun eskubide urraketa guztiak. Egunez egun jasan behar duguna erakusten laguntzen duten adibideak baino ez dira», argitu zuten. Oso gertaera larriak direla nabarmendu zuten, «Estatu espainolak eta frantsesak gurekin eta gure senideekin darabilten krudelkeriaren erakusle».
Esate baterako, zigor osoa beteta duten preso politikoei kondenak luzatzen ari zaizkiela jakinarazten dute txostenean, horretarako Auzitegi Nazionalak kaleratu zuen 197/2006 doktrina aplikatuz. Joxe Felix Zabarte, Inma Pacho, Juan Karlos Perez, Ines del Rio eta Peio Odriozola presoak aurten ziren ateratzekoak zigor osoa beteta, baina aipatu doktrina aplikatu eta kartzelan dira oraindik.
Halaber, ia 21 urte espetxean eman ondotik kaleratu zuten Fernando Etxegarai berriro atxilotu eta kartzelatu zuten. Doktrina ezarri ezin ziotenez, berriro aske utzi zuten. Filipe Bidarti, berriz, baldintzapean kalean jarraitzeko eskaera batzuk egin zizkion Pariseko zigorren aplikaziorako auzitegi bereziak. Besteak beste, «militantzia politikoaren nahiz burkideen aldeko» mezuak eta lanak zabaltzea debekatu dio. Jaioterritik urrun bizitzera kondenatu dute. Estatu frantseseko Beziers herrian ari da bizimodua eraikitzen, Baigorritik 500 bat kilometrora.
Etxeratek azaltzen duenez, zigorrak luzatzeaz gain, kartzelan emandako denboran «bizi baldintzarik gogorrenetan» izaten dituzte: gehienak, egunean 20 orduz edo gehiagoz ziega ziztrinetan giltzapetuta, guztia hagitz mugatuta edo debekatuta dutela: komunikazioak, tailerrak, EHUn ikastea, Estatu frantsesean prebentibo egoeran direnek baita telefonoz deitzea ere...
Ondorio fisiko eta psikikoak
Egunez eguneko gertakari batzuk nabarmentzen dituzte Etxeratekoek urte eta erdiko balantzean, tartean Gaizka Gañani egin ziotena. Ziega preso sozial batekin partekatzera behartu zuten Valdemoroko kartzelariek, eta ondorioz sei eguneko gose eta egarri greba egin zuen Gañanek. Lau kilo galdu zituen. Kartzela agintariek egoera konponduko zutela agintzean borrokaldia bukatu zuen eta espetxez aldatu zuten.
Etxeratek salatzen duenez, espetxe politika honek ondorio fisiko eta psikikoak eragiten dizkiete presoei. Laguntzarik jaso ez, eta gainera hamaika oztopo eta debeku gainditu behar dituztela kritikatzen dute. Adibidez, konfiantzazko psikologoari koltsultak egitea debekatu diete kartzela ugaritan, eta ebakuntza behar duten preso batzuek denbora luzea daramate zain. Adibidez, Algecirasen duten Arantza Garbayok fistularen ebakuntza noiz egingo dioten zain urtebete inguru darama.
Iheslariek jasandako jazarpena ere kritikatzen dute. Horren erakusle, hurrenez hurren, urtarrilean Cabo Verden eta martxoan Donibane Lohizunen hil ziren Endika Iztueta eta Patxi Otaegi aipatzen dituzte. Lehenak 22 urte zeraman atzerrian, eta bigarrenak 1981ean egin behar izan zuen ihes Legorretatik.
170
presok kalean egon beharko lukete, baldintzapean ateratzeko datak bete dituztelako. 28 presori 197/2006 doktrina ezarri diete espetxe zigorrak luzatzeko, eta horietatik 23k kondena osorik beteta ere gatibu jarraitzen dute.
28 urte
bete ditu kartzelan Jose Mari Sagardui «Gatza» zornotzarrak. 44 euskal preso politikok 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean.
20 orduz
edo gehiagoz ziega ziztrinetan giltzapetuta edukitzen dituzte euskal presoak; guztia oso mugatuta edo debekatuta dutela, beste preso euskaldunengandik urrunduta. 49 lagun beste euskal preso politikorik ez dagoen kartzelatan edo modulutan dituzte.
16
senide eta lagun hil eta hamarka zauritu dira kartzelarako bidean.
Familiakoek eta lagunek azaldu dutenez, presoa etxean ez egoteak eta zein baldintzatan duten jakiteak sortzen dien ezinegonaz gain, Estatu espainolak eta frantsesak «senideen aurka diseinatutako politika»ri aurre egin behar diote. Hala, pertsona nagusiak eta osasun arazoak dituzten senide anitz bisitarik gabe geratzen dira, ezin dituztelako hainbeste kilometro egin. Behartutako kilometro horiek guztiak egin ahal dituztenek, berriz, «izugarrizko odoluste ekonomikoari» egin behar diote aurre, eta istripuan hiltzeko edo zauritzeko arriskua bere gain hartu behar dute. Gainera, hainbeste kilometro egin ondotik bisitarik gabe uzten dituzte maiz, horretarako «edozein aitzakia» baliatuta. Kasu batzuk aipatzearren, Kepa Suarezen senideak Osnyko kartzelako bisita gunetik indarrez atera zituzten kartzelariek eta bisitaren erdia baizik ez zuten egin; eta Leire Urrutiaren amaginarreba eta koinatua bisitarik gabe geratu dira Langraizko kartzelak familia harremana ez dagoela guztiz argi ebatzi ondoren. Ez hori bakarrik: senide eta lagunek polizien jazarpena jasan behar izaten dute sarri, Etxeratek salatzen duenez. Algecirasen, esaterako, atzetik jarraitu eta mehatxu egin zieten. M. I.