GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

«Ich bin ein Kaiser?»

Estatubatuar askorentzat, baita AEBetako aldaketa politikoa amesten duten gainerako herrialdetako jendearentzat ere, Barack Obamaren hautagaitza John Fitzgerald Kennedyren hautaketak bere garaian piztu zuen aldaketarako grinaren oinordekoa dugu. 45 urte geroago JFKren heriotzak eragindako mitoak bizirik dirau, eta Obamak -baina batez ere bere kanpaina gidatzen duten aholkulariek-, bera eta JFKren artean diren eta ez diren antzekotasun guztiei etekina atera nahi die. Horretarako Berlin toki paregabea da, 1963an Kennedy han egon zenean une gogoangarri bat utzi baitzuen historiarako, «Ich bin ein Berliner» (berlindar bat naiz) hitzaldi ezagunarekin.

Nolanahi ere, Obama ez da, oraingoz, JFK. Eta, hala balitz ere, lehenik eta behin Kennedytar hark bultzatu zituen inbasioak, estatu kolpeak eta gerrak -Kuba, Irak Ekuador eta Vietnam, kasu-, zein bestelako barne politikak -heriotza zigorraren aldekoak, adibidez- gogoratu beharko lirateke. Horiek guztiak kontuan hartu gabe nekez baloratu baitaitezke Obamak saltzen duen aldaketaren nondik norakoak eta mugak. Izan ere, piztu dituen itxaropenei benetan funtsa eman nahi badie, mundu osoko herritar askok eta askok berari buruz duten galderari erantzun beharko lioke Obamak, ozen erantzun ere: AEBetako lehendakari izanda, «Ich bin ein Kaiser?» (enperadorea al naiz?). Gaur egun, eta aspalditik, honela jokatzen baitu AEBetako Gobernuak.

Urrutirago joan gabe, Alemanian 75.600 soldadu estatubatuar daude orain, kontinentean daudenen %70 inguru. Ramsteinen, estatubatuarrek Europako gune militar handiena dute, eta bertatik gidatu ditu NATOk azken urteetan burutu dituen operazio militar handienak -Irakeko lehendabiziko gerra, Serbia eta Kosovo eta Irak eta Afganistango okupazioak barne-. Egitate hauek imajina ditzakegun konspirazio guztiak baino sendoagoak dira. Horregatik, Obamak argitu beharko luke «berlindar bat naiz» esatean ez dela baieztatzen ari Europa AEBetako kolonia bat denik. Edo, hobe esanda, berak aginduz gero izateari utziko diola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo