Aitor Aranburu EHNE-ko kidea
Zenbait galdera Abiadura Handiko Trenaren inguruan
Garraio arloan gabeziak dauzkagula eta errepideak kolapsatuta daudela denok ikusten dugu, baina ba al dakigu AHTk zein zerbitzu, zein preziotan eta zein kosturekin eskaintzen dizkigun? Aldaketak beharrezkoak direla ulertzen dugu gehienok, baina zer dakarkio edo kenduko dio AHTk garapenari?
Abiadura Handian ari gara aldatzen. Gu geu, ingurua, Goierri, Euskal Herria, abiapuntua zein den ahaztuta eta helburua zein den jakin gabe gabiltza korrika. Egunean bi hektarea lur artifizialtzen dira Euskal Herrian: egunean hiru futbol zelai, belardi edo baso direnak brea edo hormigoiz estaltzen dizkigute, eta horrek ez dauka atzera bueltarik.
Abiadura Handiko Trenaren obrak ere hasi dira han eta hemen, baina zer daki jendeak obra honi buruz? Garraio gabeziak dauzkagula eta errepideak kolapsatuta daudela denok ikusten dugu, baina ba al dakigu AHTk zein zerbitzu, zein preziotan eta zein kosturekin eskaintzen dizkigun? Gizarte dinamiko batean bizi garela eta aldaketak beharrezkoak direla ulertzen dugu gehienok, baina zer dakarkio edo kenduko dio AHTk garapenari? Hau da, ba al dakigu nondik aterako den edo zein beste proiektutatik kenduko diren AHT egiteko behar diren milaka milioi euroak? Gutako bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu proiektu honetarako.
Dirudunen legeek baserritarrak babes gabe uzten ditu desjabetzeen aurrean, eta diruaren legeak nork bere interesak ikustera eramaten du jendea. Administrazioek ere negozioa lehenesten badute, nork defendatuko ditu aberastasun kolektiboak? Diruak amerikanizazio eta espainolizazio prozesuak ekarri dizkigu Goierrira. Ez dago tabernetako musika entzun, supermerkatuetako erosketak ikusi edo jendearen kezketan erreparatu besterik horretaz jabetzeko. AHT bera ere, ikusi nahi ez badugu ere, metropolizazio edo hiritartze prozesu basati baten lehen urratsa da: geure burua deuseztatzeko makina.
Informazioa eskuratu eta garraio ereduaren inguruko eztabaida zabaltzea eskatzen dugunok gauza guztien aurka omen gaude, baina AHT eraikitzea defendatzeko zein argumentu daude? «Garapenerako ezinbestekoa da» edo «garraio arazoak konponduko ditu» bezalako gezurrek egia dirudite horrenbeste aldiz errepikatu eta gero, eta orain ekologiari egin dakiokeen kalterik handiena AHT ez egitea dela ere esan digute: eraikuntza lanetan bakarrik teorikoki 100 urteetan aurreztuko lukeen hainbat CO2 isuriko dira eta, beraz, zeintzuk dira aldeko iritzia izateko balio dezaketen sakoneko arrazoiak? Zergatik gastatu horrenbeste diru proiektuaren propagandan eta batere ez informazio objektiboa zabaltzen? Zergatik horrenbeste beldur eta ezezko eztabaida publikoetan parte hartzeko? Badakit hamar minutuz idazten aritu naizelako ez dudala inoren iritzia aldatuko, baina eraikuntza honen garrantzia ikusita, gutxienez hausnarketa sakonago bat egitera gonbidatzen ditut irakurleak.
Proiektu hau martxan jarri dutenek arrazoi nagusi bat daukatela uste dut nik. Denon dirua gutxi batzuen poltsikoetan pilatzea. Horretarako baserriak bota, mendiak zulatu, osasuna eta hezkuntza pribatizatu eta jendea kartzelatu behar bada ere, hemen denak balioko al du? Beti egon da goitik datorren guztia onartzen duen jendea, baina nork eskatu du AHT eraikitzea? Guri, beti bezala, azeleragailutik hanka altxatzeko eskatu eta justifikazio gabeko txikizio hau geratzeko kalera ateratzea besterik ez zaigu geratzen. Leku askotan deitu dira mobilizazioak asteburu honetarako. Guk Goierrirako, akanpada Zaldibian eta manifestazioa hilaren 26an Ordizian. Goierri Txindokiren argazkia bakarrik ez delako, eta Bilbo-Berri bihurtu nahi ez dugulako, denok Ordiziara larunbatean arratsaldeko zortzietan.