«Euskaraz bai» adierazpena sinatzeko deia egin die Kontseiluak hedabideei
Gizartean «Euskaraz bai» esan eta euskaraz egiteko proposamena zabaltzen ari da Kontseilua. Komunikabideen babesa izatea garrantzitsutzat jo du, «euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen baitute».
GARA |
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua gizartean «Euskaraz bai» esan eta egiteko proposamena zabaltzen ari da. Kontseiluaren deiarekin bat egin dute dagoeneko kultura alorreko hainbat idazlek, bertsolarik, aktorek, sindikatuk, kirolarik, eta beste hainbat esparrutako eragile eta norbanakoek.
«Euskaraz normaltasunez bizitzeko ahaleginean kazetariek badutelako zer komunikatu», oraingoan hedabideei egin die Kontseiluak «Euskaraz bai» hitzarmenarekin bat egiteko deia.
Hainbat dira dagoeneko bat egin duten kazetariak, ETB, «Geu» aldizkaria, «Berria», «Hitza», «Metro Bilbao», «El Diario Vasco», «Herria» astekaria, Nabarreria.com, «El Nervión», Info 7, Gaztesarea, «Zazpika» eta GARAko kideak, besteren artean.
«Bai euskarari» leloaren bilakaera den «Euskaraz bai» zabaldu eta gizarteratzeko deia egin die Kontseiluak hedabideei. Horrez gain, euskararen alde aktiboki egiteko eskatu die.
Kontseiluak ekimenaren helburuaren inguruan honela mintzatu da: «Euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortu nahi ditugu, geure bizitza euskaraz normaltasunez egin ahal izateko; hizkuntzari esparruak garatu eta zabaldu nahi dizkiogu». Garrantzia du hedabideen babesa jasotzeak. Izan ere, «horrela komunikabideek euskaraz egiteko eta euskararen alde egiteko konpromisoa hartzen dute, euskara gizarteratzeko beste urrats bat emanez». Kontseiluak, «gizarte osoa aldeko jarrera adieraztetik, euskaraz egiteari ekin diezaion animatu nahi du».
«Euskaraz bai» adierazpena
Kontseiluaren adierazpenean jasotzen denaren arabera, «Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza da eta bertan izan dezakeen garapenaren baitan bakarrik ziurta daiteke bere biziraupena».
Euskararen etorkizuna ziurtatzeko Kontseiluak oinarrizko lau konpromiso hartzea beharrezko ikusten du. Batetik, «euskaren berreskurapen prozesua azkartzea ezinbestekoa da» erakundearen arabera. Hori, euskara ez dakitenek ikasiz, eta erabilera esparru eta eremu berrietara zabalduz lortuko litzateke. Bestetik, «funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera» lehenbailehen lortu beharko litzateke euskararen normalizazioa lortuko bada.
«Lehentasunezko hizkuntza»
Hirugarren ildoa «euskara lehentasuneko hizkuntza» izatea lortzea da. Euskaldunen eta biztanle guztien hizkuntza eskubideak horrela ziurta baitaitezke Kontseiluaren arabera. Azkenik, aurreko hiru puntuak posible egiteko lan politiko-instituzionala eta lan soziala bideratzea beharrezko ikusten du Kontseiluak, «guztion arteko lankidetzak ziurta baitezake euskararen geroa».
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 10 urte bete ditu aurten. Ospakizun handia egingo dute urteurrena dela-eta abenduaren 13an Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren. Horretan ere parte har dezaten gonbidatu ditu Euskal Herriko kazetari euskaldun eta euskaltzaleak.
«Bai euskarari» leloaren bilakaera den «Euskaraz bai» zabaldu eta gizarteratzeko deia egin die Kontseiluak hedabideei. Horrez gain, euskararen alde aktiboki jarduteko eskatu die.
«Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza da eta bertan izan dezakeen garapenaren baitan bakarrik ziurta daiteke bere biziraupena. Ezinbestekoa da euskararen garapena».