Lakuari eskatu diote bere interesekin bat ez datozenen aurkako jazarpenik ez egiteko
Ruben PASCUAL |
Durangoko Erralde hiltegian egindako agerraldian, «Berrizko Txuletoia» eta «Bizkaiko Bildotsa» marken inguruan sortutako ika-mika argitu nahi izan zuten hizlariek.
Atzo emandako prentsaurrekoan, EHNEko lehendakaria, Mikel Kormenzana; Erraldeko gerentea, Eneko Egibar; Jabier Azpitarte Erraldeko lehendakari eta Berrizko alkatea (EAJ); eta Bizkaiko Harakinen Federazioko kide bat batu ziren aipatutako marken helburua «bertako eta kalitatezko produktuen kontsumoa bultzatzea» dela argitzeko asmoarekin.
Iskanbila duela aste bi hasi zen Lakuako Nekazaritza Saileko kide batek Berrizko Txuletoia saltzen zuen harakin bati Erralderen aurkako espedientea abiaraziko zuela esaterakoan, marka hori «ilegala» zela adierazita.
Kontua da, aste bi igaro direla eta Erraldek ez duela «ezelango komunikaziorik jaso beronen inguruan».
Erralde hiltegiko gerente den Eneko Egibarrek argi eta garbi adierazi zuen «prozesuan dena garbia eta legala» izan dela, helburu bakarra «bertako eta kalitatezko haragia identifikatzeko marka bi erregistratzea» izan dela. Horri lotuta, urtearen lehen erdian hildako 3.765 behien %86 Bizkaian hazitakoa dela azaldu zuten.
EHNEtik, gogor salatu dute Lakuaren jarrera, «elikadura subiranotasuna defendatzen dugunon aurkako ekintza» delako. Gainera, azaldu duenez, ez da onargarria «bertako haragia saltzeagatik» espedientea abiaraztea. Horren harira, Lakuaren jarrera definitzeko «jazarpen» eta «ilegalizazio» hitzak erabili zituen Kormenzanak. Hein horretan, «Lakuaren ardura bakarra tokian tokiko ekimen bat oztopatzea» dela salatu zuten, eta horretarako arrazoi bat baduela salatu zuten: «Gurokela edo Labeldun bildotsa monopolio gisa bultzatu nahi dituelako».
Hala, Hiltegiak eta EHNEk Nekazaritzako Sailari exijitu zioten «laga dezala albo batera bere interes monopolistekin bat ez datozen proiektuen jazarpena».