GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Torturak salatzeagatik Larrinagari eta Larrarteri jarritako salaketak aurrera egin du

p011_f01.jpg

GARA |

Julen Larrinaga eta TATeko kide Aiert Larrarte abokatuaren aurkako salaketak aurrera egingo du. Hala, jakinarazi zieten asteazkenean, auto baten bidez.

Larrinaga eta Larrartek 2006ko apirilean agerraldia egin zuten komunikabideen aurrean Ibon Meñika gazteak, atxilotu zutenean Guardia Zibilaren eskuetan torturak jasan zituela jakinarazteko, gazteak hala salatu baitzion bere abokatuari. Horrekin batera, une hartan Guardia Zibilaren esku zegoen Sandra Barrenetxearen arrisku egoeraz ere ohartarazi zuten.

Egun batzuk geroago España y Libertad plataformak salaketa bat jarri zuen Bilboko instrukzioko epaitegian «Estatuko segurtasun indarren kontrako kalumnia delituagatik eta salaketa faltsua egiteagatik». Bilboko epaitegiak onartu egin zuen salaketa eta Larrinaga eta Larrarte deklaratzera deitu zituen iazko maiatzean.

Biek ala biek uko egin zioten egindako galderei erantzuteari eta «tortura salatzen dutenak baino, torturatzaileak» ikertu beharko lituzketela ohartarazi zuten.

Herenegun jakin zuten salaketak aurrera egin duela, eta Fiskalari eta akusazioari hamar eguneko epea eman diete «frogak aurkeztu eta balorazioak egiteko».

Larrarte «harrituta» agertu da erabaki honen aurrean, «Bilboko epaitegia gisa honetako kasuak ikertzen ari delako, mahai gainean beste tortura kasu batzuk dituenean ikertu gabe». Bestalde, adierazi zuen beraien asmoa ez zela «Guardia Zibilaren izen ona zikintzea, berak bakarrik zikintzen baitu», baizik eta «inkomunikazioak dakartzan arriskuez ohartaraztea, bai gizarteari, bai komunikabideei eta bai horretan esku har dezaketen eragileei ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo