GARA > Idatzia > > Kultura

Nafarroako Gobernuak Raimundo Lanas omenduko du larunbatean Zaragozan

GARA | IRUÑEA

Nafarroako joten munduak izan duen irudi garrantzitsuenetako bat dugu Raimundo Lanas. Jaio zeneko mendeurrena ospatzeko eta bide batez omenaldia eskaintzeko, ekitaldia egingo dute bihar Zaragozako Pilar enparantzan. Aragoiko hiriburua hautatu izana ez da ustekabekoa izan, hiri honetako Iris Antzokian lortu baitzuen lehen garaipena, eta han jarri baitzioten handik aurrera eramango zuen ezizena: «Errioxar Urretxindorra». Egingo duten emanaldian, abeslariari eskaini dizkioten jotak, bere abesti ezagunenak eta beste egile batzuen lanak entzun ahalko dira. Elena Leache izango da ekitaldian aurkezle lanak egingo dituena, eta Aragoiko zein Nafarroako jotei buruzkoak azalduko ditu. Parte hartuko duten taldeen artean, Estampa Navarra de Murillo el Fruto, (Lanasen jaioterria), eta Las Olivicas de Fuendejalón, azken hau heriotzak harrapatu zuen herria, hain zuzen.

Raimundo Lanas, edo «Errioxako Urretxindorra», 30. hamarkadako abeslari garrantzitsuenetako bat izan zen. 1908 an jaio zen Murillo el Fruton eta 1939an, 31 urte besterik ez zituenean, Fuendejalonen hil zen. Bitarte horretan, ordea, abeslari gisa bere izena ezagun egin zuen. Alde batetik, Madrilen, Bartzelonan eta Zaragozan, eman zituen kontzertuak besteak beste. Agertoki gainean, Estrellita Castroren, Imperio Argentinaren eta Raquel Melleren alboan aritutakoa dugu Nafarroako jota-abeslaria.

Omenaldi hau, jaiotzaren urteurrena izateaz gain, Nafarroako Gobernuak Expo-rako diseinatu duen egitarau kultural eta artistikoaren barruan kokatu daiteke. Berez, larunbatero 20.30ean Pilar enparantzan kontzertu bat eskainiko da eta, bihar, Raimundo Lanasen ibilbidea errepasatuko duenaren txanda izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo