GARA > Idatzia > > Mundua

KRONIKA Thailandia-kanputxea tentsioak

Tenplu sakratuan lasaitasuna nagusi, oraingoz

Preah vihear tenplu sakratuan oraindik lasaitasuna da jaun ta jabe, thailandia eta kanputxeako tropak hor inguruan erne eta zaindari dauden arren. bi herrialdeetako gobernuak tenpluaren jabetzagatik eztabaidatzen ibili dira azken asteotan. gerra hotsak gertutik entzun badira ere, tenpluko giroak kutsatuta agian, preah vihear-en soseguak bere horretan jarraitzen du.

p020_f01_148x104.jpg

Par Suy SE AFP

Kanputxeako bandera lagun, Hem Veb soldadu kanputxearra Preah Vihear tenplu sakratua «Thailandiako tropetatik zaintzen» ibili da azken egunetan. Bi herrialdeetako Gobernuak eztabaida bizian murgildu dira tenpluaren jabetzagatik, baina tirabira horren zantzurik ez da Preah Vihear-en. Tropa bakoitza bere «herrialdearen subiranotasuna» defendatzeko prest dagoen arren, bi aldeetako soldaduek, askotan, elkarri tiro egin beharrean, bazkariak konpartitzen dituzte. Elkarrekin argazkiak ateratzen dituzte, adiskideak izango balira bezala. Hori bai, etsaiekin txantxak egiten dituzten bitartean, Hem Veb soldadu kanputxearrak eta bere kideek gerrarako prestutasuna agertu dute. «Tenplua kanputxearra da eta gure lurraldea defendatzeko hitza eman dugu», esan du 33 urteko militarrak.

Thailandiak ez du onartzen Hagako Tribunalak 1962. urtean kaleratutako ebazpena, bertan Kanputxeari aitortzen baitzaio Preah Vihear-en jabetza. UNESCOk tenplua Gizatasunaren Ondare izendatu zuenetik, gora egin zuen Kanputxea eta Thailandiaren arteko tentsioak. Baina horrek ez du turisten kopurua gutxitu, eraikin sakratua Kanputxea eta Thailandiako gune garrantzitsua baita. Tropen artean, turistak, nekazariak eta budazaleak lasai ibiltzen dira, nazioartean gerra hotsei buruz hitz egiten duten bitartean.

«erasoei erantzun»

Astelehenean, Kanputxeako Gobernuak tropak bidali zituen Thailandiako mugara, ustez hiru thailandiar tenplura sartu zirelako bere herrialdearen jabetza aldarrikatzeko. Horrek bi herrialdeetako tropak mugiarazi zituen, krisialdia larriagotuz.

Tropa kanputxearrak «soldadu etsaiak suntsitzeko» prest agertu dira, Preah Vihear-era sartuz gero. «Erasorik jasotzekotan» ere «zalantzarik gabe» erantzungo zutela nabarmendu zuten militarrek. XII. mendean eraikitako tenplua Kanputxeako lurraldearena da ofizialki, baina eraikin sakratura sartzeko bideak Thailandiarenak dira. Tenpluko hormetan azken gudetako arrastoak ikus daitezke, eta ez bakarrik eraikinean, hainbat kartelek inguruan dauden minen arriskuaz ohartarazten baitituzte bisitariak.

Kanputxeak nazioartearen bitartekaritza bilatu zuen bere auzokoarekin bizi duen gatazkari konponbidea bilatzeko. Gauzak horrela, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluari ebazpen bat kaleratzeko eskatu zion. Estatu frantziarrak eta Vietnamek -Segurtasun Kontseiluko kide dira-, gaia asteartean aztertzeko konpromisoa hartu zuten atzo. Thailandiak nazioarteko bitartekaritza gaitzetsi zuen, gatazka Kanputxearekin zuzenean konpontzea nahiago duelako, baina orain arte izandako negoziazioek ez dute etekinik izan.

Gaur egungo egoera «blokeotik» ateratzeko asmoz, hurrengo asteetan negoziazioei ekingo diete berriro Kanputxea eta Thailandiako agintariek. Samak Sundaravej presidente thailandiarrak uztailaren 28rako jarri zuen hitzordua, Hun Sen Kanputxeako agintari nagusiarekin hitz egin ostean. «Gainera, Hun Senek gatazkari nazioarteko izaera kentzeko konpromisoa hartu du», adierazi zuen Thailandiako Gobernuak.

Hun Sen presidente kanputxearra, bere aldetik, tropa guztiak mugatik mugitzearen alde azaldu zen atzo. «Bi aldeetako indarrak eremu horretatik aldendu beharko lirateke, bestela egoerak ez du hobera egingo», adierazi zuen 1985tik Kanputxeako agintari nagusia denak.

Beraz, Hem Veb soldadu kanputxearrak eta bere kideek Preah Vihear tenpluan jarraitu beharko dute akordioa lortu arte, turisten argazkiak jasotzen eta etsaiekin bazkaltzen, gobernunuen arteko eztabaidek ez baitute askotan errealitatearekin lotura handirik. Horren erakusle da 900 urte baino gehiago dituen tenplu sakratuan den lasaitasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo