Sokatira Euskal Herriko Txapelketa
Goiherrik laugarren txapela lortzeko aukera ederra du
Euskal Herriko Txapelketako azken bi ekinaldiak jokatuko dituzte. Bihar Gazteluko futbol zelaian arituko dira, eta etzi, berriz, Areson izango da saioa.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Amaitzera doa Euskal Herriko Sokatira Txapelketa, eta denboraldia amaitzeko Mundiala bakarrik faltako da. Euskal Herriko Txapelketako azkeneko bi ekinaldiak izango dira, izan ere, biharkoa eta etzikoa. Bihar, 18.00etatik aurrera Gazteluko futbol zelaian egingo dute saioa, eta etzi, berriz, Areson, 12.00etatik aitzinera, pilotaleku ondoko belardian.
Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi eta Areso lehiatuko dira. Lehen jardunaldia pasa den asteburuan jokatu zuten, eta bertan Goiherri taldea izan zen nagusi. Berdeek orain arte lehiatutako hiru finalak irabazi dituzte, eta laugarren txapela ere buruan dutela amaitu nahiko dute aurtengo denboraldia.
Bi jardunaldi geratzen dira, eta biak jarraian egingo dituzte. Goiherrik badaki bihar Gaztelun garaipena erdiesten baldin badu, txapela buruan izango lukeela ia-ia, izan ere, gutxienez bi puntu kenduko lizkioke Gaztediri, eta azkeneko egunean alde hori berreskuratzea ia ezinezkoa dirudi. Goiherrik bihar lehen postu hori lortuko ez balu, dena azkeneko egunean erabaki beharko litzateke.
Lehen postua ez ezik, badirudi hirugarrena ere badagoela jokoan, orain artekoaren arabera, lehen bi postu horiek Goiherrirentzat eta Gaztedirentzat direla ematen baitu.
Aresok eta Goiherri B taldeak berdinduta amaitu zuten lehen jardunaldia. Aresok etxean, eta etxetik oso gertu izango ditu bi jardunaldi hauek, eta aukera ederra dauka hirugarren postu horri eusteko.
Herriz Herri
Nafarroako Herriz Herri Txapelketan, berriz, bigarren jardunaldia jokatuko dute bihar bertan 19.00etatik aitzinera. Bertan, Gure Txokoa, Berriozar eta Ultzama lehiatuko dira. Ultzama eta Igantzi izan ziren lehen jardunaldietako bi irabazleak.