GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Soinu adierazpena irudimenaren menpe jarri dute Iruñean, soinu bitakora sortzeko helburuarekin

Soinuak istorioak kontatzeko gaitasun handia du, entzulearen irudimena martxan jarriz. Badirudi, halere, irratiek gaitasun hori behar beste ez dutela baliatzen eta informatzera mugatzen direla. Horren inguruan hausnartu dute Iruñeko UEUko ikastaro baten baitan.

p022_f01.jpg

Ander PEREZ

Ordura arte ezezaguna zen Orson Welles izeneko gazte batek estralurtarren inbasio bati buruzko «Munduen Gerra» eleberria oinarri zuen saio bat eman zuen irratiz 1938an, albistegi formatuan. Kontakizunak meteoritoen erorketaz hitz egiten zuen, martiztar espazio-ontziek botatzen zituzten meteoritoez, hain zuzen ere. Entzuleek emisioa sinistu egin zuten eta inbasioaren beldurrak kaosa eragin zuen minutu gutxien buruan Ameriketako Estatu Batuetan zehar. Fikziozko kontakizun huts batek nahasmena eta izua sortu zituen munduko estatu boteretsuenean.

Masa komunikabideek gizartean eragiteko duten gaitasuna azaleratzearekin batera, emisio horrek ospea eman zion Wellesi. Are gehiago, gaur, soinua irudiaren hegemoniaren menpe kokatzen den honetan, hotsak eragiteko eta istorioak kontatzeko duen balioaz ohartzeko balio digu orduko pasarte historiko horrek. Horixe da Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen baitan «Zergatik ez soinu bitakora?» izenpean burututako tailerra irakasten saiatu dena, istorioak soinuen bidez kontatzen jakitea. Izan ere, hiru eguneko iraupena izan duen tailerraren irakasle Arantza Gutierrez Pazek esaten duen bezala, «soinuen bidez mundua jaso eta berreraiki dezakegu».

Irratien «originaltasun falta»

Garai batean, saio dramatikoek eta irrati nobelek programazioetako tarte zabalak betetzen zituzten. Hala ere, telebistaren agerpenarekin, eta zer esanik ez, Internet eta teknologi berrien garapenarekin, irratia komunikabideen «anaia pobrea» izatera pasa da.

Baten batek pentsatuko du irratiak, eta soinu adierazpen guztiek oro har, irudiak emititzeko gai ziren komunikabideak existitzen ez zirenean bakarrik zutela gizartean eragiteko gaitasuna. Bada, 1998an, XEART irrati mexikarrak Wellesen «txantxa» omendu nahi izan zuen, emisiotik 60 urte betetzen zirela-eta. Irratiak «Munduen Gerra» eleberriaren bertsio berritua emititu eta aurrekoaren ondorio berdintsuak lortu zituen.

Argi dago beraz, ez denborak ez komunikabide berrien agerpenak ez dutela irratiaren gaitasuna murriztu. Baina, nolabait, irratiak berak ere ez du jakin bere indar hori behar beste aprobetxatzen. Gaurko irratsaioak ahotsaren eta musikaren konbinazioetara mugatzen dira, informatzeko helburuarekin soilik. «Irudimena, originaltasuna falta zaie; entretenitzeko balio behar du irratiak ere», Gutierrezek nabarmendu zuenez. Hori dena, gainera, teknologia berrien garapenarekin batera hots ezberdinak jasotzeko zein editatzeko bitartekoak ugaldu diren honetan. Paradoxa den horretarako hurrengo azalpena eman zuen Gutierrezek: «Irratiari, soinuari, ez zaio garrantzirik ematen eta, beraz, inbertsio gutxi egiten da».

Baina, ikusi bezala, soinuak badu bere garrantzia. «Soinua, usainarekin batera, lurrarekin lotzen gaituena da; jaio bezain pronto amaren soinua da lasaitzen gaituena», esan zuen ikastaroko irakasleak.

Arazoa uste baino gertuago daukagu. Arantza Gutierrezen ustetan, Euskal Herriko irratiak «oso aspergarriak, informatiboegiak dira». Bere aburuz gaur egungo euskal irratiek «80ko hamarkadako eredu informatibo zaharkituak» erabiltzen dituzte.

Badira, behintzat, arazoagatik kezka duten eta soinuaren munduari bere garrantzia aitortzen dioten pertsonak. Horietako batzuk hilaren 23an, 24an eta 25ean egindako UEUko ikastaroan bildu ziren. Inguratzen gaituzten soinuak ezagutzen ikasi dute itsuen jokoa medio, baita irratietan eta Interneten aurki daitezken hainbat soinu-artxibo kontsultatzen eta aztertzen ere. Helburua soinu bitakora bat sortzea izan da, nolabait, istorioak soinuen bitartez kontatuko dituen blog bat.

Hori izan daiteke irratiari behar duen freskotasuna emateko bideetako bat. Izan ere, Gutierrezen esanetan, «soinuak mugagabeak dira, irudimena da muga bakarra».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo