izua arriskua baino handiagoa da Portugalgo Karabelaren ziztadaren kasuan
Atzokoa bezain egun eguzkitsu eta beroetan, zer hobe hondartzan bainu bat hartzea baino. Azken boladan, ordea, Portugalgo karabela gora eta behera aritu dira batetik eta bestetik, eta, ondorioz, zenbaiti erreparoa ematen dio itsasoan barneratzeak. Medusa mota honen ziztadak duen arriskua bera baino sortu den izua handiagoa dela ohartarazi dute, ordea, adituek.
Maider EIZMENDI
Portugalgo karabela. Izen horrekin ezagutzen da azken boladan horrenbesteko zalaparta eragin duen Physalia physalia motako medusa -berez polipo multzo bat da, ez medusa bat-. Bere ziztada oso mingarria dela esan da, baita hilgarria izatera irits daitekeela. Gainera, azken asteotan maiz ari da azaltzen zenbait hondartzetan, Zarautzen eta Donostian kasu. Kontuarekin ibiltzea gomendatzen da, baina izua errealitatean dagoen arriskua baino handiagoa dela nabarmendu dute.
Maximiliano Morello, Zarauzko hondartzetako arduraduna da. 2001. urteaz geroztik ari da lanean bertan, eta, azaldu duenez, Portugalgo karabelak aurten ari dira estreinakoz jasotzen. «Ez da ur hauetan oso ohikoa izaten, baina iristea ez da harrigarria ere». Euren lana ziztada jasotako pertsonak artatzea da, baina baita uretan aurkitzen dituzten medusak kanporatzea ere. Osteguna bitartean espezie honetako 26 medusa jaso dituzte. «Uretatik ateratzen ditugu, zorro batean sartu eta zakarretara botatzen ditugu; baina kontu izaten dugu zakar ontzi handietan uzteko, ez baita komenigarria inoren eskuragarri egotea».
Asko hitz egin da halaber espezie honetako medusen ziztadaz. Morellik nabarmendu duenez, beste espezie batekoak egiten dituztenak baino ziztada mingarriagoak izan daitezke Portugalgo karabelarenak, baina mina bi faktorek baldintzatzen dute hein handi batean: ziztada gorputzeko zein ataletan jaso den eta ziztada nork jaso duen. «Ziztada haur batek jaso badu, min gehiago egin dezake, haurrek azala leunagoa baitute». Portugalgo karabelak ziztatzen duenean botatzen duen azidoa indartsuagoa da eta horretan datza batez ere bere arriskua, Morellik azaldu duenez.
Orotara, 23 pertsona artatu dituzte medusa mota hau agertzen hasi zenetik eta hiru kasutan baino ez dute eraman behar izan ziztatutako pertsona medikura, «gainerako kasu guztietan guk emandako zaintzarekin nahikoa izan da». Azaldu duenez, kasu horretarako protokolo bat dute: «Pertsonari, lehenik eta behin, ziztada jaso duen lekua serumarekin garbitzen zaio; ondoren, medusaren garroak izanez gero, horiek kentzen dira; izotza jartzen dugu gero; eta azkenik, iodoarekin igurzten dugu ziztatutako ingurua».
Zarauzko hondartzan sorosleak prest daude aipatu zaintzak emateko baina, Portugalgo karabela batek ziztada egin eta soroslerik egon ezean, zera da oinarrizkoa: eskuekin ez ukitzea, medusaren zatiren bat gorputzean itsatsitik geratu bada kentzea, eta ziztada ur gaziarekin ez garbitzea. Izotza jarri eta ahalik eta lasterren medikura joatea ere gomendatzen dute.
«ur epelagoetan ohikoagoa»
Azti Teknaliatik ere izua behar baino handiagoa dela nabarmendu dute. Ez da lehen aldia gisa honetako medusak gure kostan daudela, azken urteetan ere zenbatu baitituzte. Zenbait komunikabidek botatako mezuak behar baino asaldatzaileagoak izan direla diote. «Bai, Portugalgo karabelaren ziztadarekin jendea hil daiteke, baina baita liztor baten helduarekin ere; arriskua ez dago ziztadan, norberaren egoeraren baitan baizik», azaldu dute.
Ur epelagoetan dira ohikoagoak espezie honetako medusak, baina gure artean izatea ere ez da hain arraroa, «azken batean ur korronteen araberakoa da».
Tentuz ibiltzea beti da komenigarria eta, horrenbestez, horixe, kontua izatea, gomendatzen dute, Portugalgo karabela espezieko medusak egon badaudelako. Horrek baina ez ditu baldintzatu behar hain freskagarriak diren itsas bainuak.