GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Konstituzio frantsesak herriak ukatzen jarraitzen duela salatu du Batasunak

Frantziar estatuak «beste aukera bat galarazi du» Konstituzioaren erreformarekin, Batasunak ohartarazi duenez. Izan ere, «aitzinera pausua» emateko aukera izanik, herrien ukazioa mantentzea erabaki da. Hizkuntz gutxituekiko mespretxua salatu du talde abertzaleak.

p019_f01.jpg

GARA |

Joan den astelehenean emandako Frantziako Errepublikako Konstituzioaren aldaketaren onarpenari buruzko balorazioa plazaratu du Batasunak. Izan ere, talde abertzalearen ustez, «Euskal Herriarengan eta herritarrengan eragina du»; zehatzago errateko, Batasunak ohartarazi duenez, «frantses estatuko herriek urrats bat aitzinera emateko aukera bat galdu da».

Konstituzio berrian hizkuntz gutxituak aipatzen badira ere, «frantziar ondare gisa» agertzen dira, horien aipamena dokumentuaren 75. artikulura mugatzen delarik. Batasunak adierazi bezala, «Estatuak hizkuntzen gaia bereganatzen du, baina urratsik eman gabe». Horregatik, hurrengo urteetan euskarari eta bertze hizkuntza gutxituei emanen zaien arreta eskasa salatu dute, baita hizkuntza horiekiko «begirune eza» ere.

Hizkuntza gutxituen legea «minimoa dela» eta «euskara salbatzeko» baliorik ez duela uste du Batasunak. Lege hori gutxieneko batzutan indarrean jartzearekin «nazioarteko gomendioei eta Europako Hizkuntzen Kartaren betebeharrei» ihes egiten zaiela jakinarazi du.

Herritarren eskubideekin segituz, hautes-eremuari dagokion aferan ere aitzinera pausurik ez eman izana salatu du talde abertzaleak. Konstituzioan gaia aztertzeko batzorde berezi bat osatzeko asmoa aitortzen bada ere, tresna interesgarria izateko «demokrazia egoeran eta herrien errealitatetik abiatuz» erabili beharrekoa dela adierazi du Batasunak.

Egungo errealitatea azalduz, «Ipar Euskal Herria ez dela hautes-eremu oso bat» gogorarazi du, Biarnoko zati batekin osatua izatea onargarria ez dela gaineratuz. Zentzu horretan, legeak «hemengo errealitate sozio-politikoa» kontutan hartu behar duela eta horretarako hautes-eremuak Euskal Herriko instituzio propioen ordezkariak aukeratzeko balio behar duela adierazi du.

Hauteskundeak burutzeko moduan ikusten den bertze gako bat «proportzionaltasuna» da. «Balladur batzordearen lanetan eta uztailaren 21eko Kongresuko bozketari begira emandako tratuetan, bozka sistemaren aldaketa partzial bat aurreikusten zen», dio Batasunak. Aldaketa hori proportzionaltasun mailari dagokiona izatekoa zen arren, behin bozketa burututa horren inguruko proposamen oro desagertu egin dela gaitzetsi du; alderdi nagusiek hauteskundeetan dituzten interesen mesedetan eman omen da egite hori, eta beraz, «demokraziaren kalterako elementua» dela uste du.

Aldarrikatzen duen «autonomia koadro politiko-instituzionalean» hauteskunde sistema «proportzionaltasunaren printzipio demokratikoan» oinarritzen dela azaldu dute. Gobernuak bultzatutako «aldaketan» printzipio hori iragarria izan bada ere, azkenean ez da aitortu.

demokraziA eza

Hauteskunde sistemari dagokionez, herrien errealitatea aitortzen ez duten hautes-eremuak mantentzea edo «proportzionaltasun mailak» ez ezartzea «demokraziarentzat elementu kaltegarriak dira» talde honen ustez.

galdutako aukerA

Batasunaren iritziz, «Euskal Herriak eta frantses Estatuko bertze herriak urrats bat aitzinera emateko aukera» galdu da. Adierazi duenez, ez da zapaldutako herriak onartzeko funtsezko aldaketarik eman.

Konstituzioan aitortutako erreferenduma, «ezinezkoa»

Nikolas Sarkozy buru duen Frantziako Gobernuak bultzatutako konstituzioaren aldaketak Parlamentuari, herritarrei eta lehendakariari dagozkion funtzioak berritzen ditu. Herritarrei dagokienez, «erreferenduma» edo herri galdeketa egiteko eskubidea aitortzen zaie, baina Batasunak ohartarazi duenez, «horretarako eskatzen diren baldintzak lortu ezinezkoak dira». Izan ere, 11. artikuluan ageri denez, parlamentarien bostenak eta hautesleen %10ak onartu behar du erreferenduma egitea, eta hori betetzeko «116 diputaturen parte-hartzea eta 4 milioi eta erdi frantses herritarren atxikimendua» beharrezkoak lirateke. Egoera bereziki ezinezkoa bilakatzen da «gutxiengoak osatzen dituzten herri eta herritarrentzat», Batasunak zehaztu duenez.

Batasunak gogorarazi zuenez, joan den urriaren 24an ospatutako Autonomiarako Forumean «herrien eta Euskal Herriaren biziraupenerako autonomia baten eskakizuna» egin zen Autonomia Eraiki taldearen ekimenez. Iazko urtarrilean azaldu bezala, talde honen ustez «Euskal Herriaren onarpena autonomia koadro politiko-instituzional baten plantan ematearekin» etorriko da. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo