Iraungitzen ez diren gaiek dute lekua «Aittita Raduga» saioan
Oier Gorosabelek, «Aittita Raduga»-ko arduradunak, ez du atsedenik hartuko udan zehar, saioa bera baita atsedena. Hilabete hauetan zehar ere, gaurkotasunari ihes egiten dioten gai desberdinek izango dute lekua astean behin Arrakala irratiak emititzen duen saioan.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Irratsaio bat egitean gozatzea lortzen baduzu, ez da zalantzarik geratzen, ez da behar atsedenik, saioa bera delako atseden. Horrelako zerbait gertatzen zaio Arrakala irratian «Aittita Raduga» saioaz arduratzen den Oier Gorosabeli. Hori dela-eta, astero jotzen du huts egin gabe entzuleengana, erregulartasunez. «Gure programa Arrosa sarearen bidez emititzen duten beste irratiek ere eskertzen dute erloju bat bezala ibiltzea, beti fida baitaitezke gure saioaz», azaldu du Gorosabelek. Bera da irrati programa honen arduradun bakarra eta, horrek lan gehiago dakarren arren, antolakuntza errazten duela esan du. «Bakarrik egitearen abantaila hori, inorekin koordinatu behar eza da», esan du eta, hortaz, uda osoan zehar egongo da Arrakalako uhinetan.
«Aittita Raduga» saioak jorratzen dituen gaiek gaurkotasunetik ihes egiten dute. «Eguneko albisteei lotuta, badaude beste irrati, aldizkari eta hedabide asko, horri gehiago gehitzeak ez du zentzurik», argudiatu du esatariak. Hori dela-eta, denboratik at dauden edukiak, bitxikeriak edo bestelako kultur mailakoak sartzen ditu. Gutxitan egiten ditu monografiko luzeak; normalean, ordea, sei edo zazpi gai desberdin lantzen ditu saio bakoitzean. «Entzuten gaituen jendea beste gauza desberdinak egiten aritzen da, sukaldea garbitzen, hautsa kentzen... horregatik egiten ditugu gai laburrak», esan du. Entzuleari lana erraztean datza, azken finean.
Bi irizpide argi ikus daitezke, hortaz, saio honen ekoizpenean. Lehenik eta behin, iraungitzen ez diren gaiak jorratzea, «joan den astean edo horrelako erreferentziak baztertuz», eta, bestetik, zerbait ikastea. Oierrek argi azaldu du: «Albiste motz hori entzun eta gero lehen ez zenekien zer edo zer ikastea litzateke irizpide nagusia». Bide honetan, esatariak berak ikasten ditu gauza asko. «Zerbait entzun eta gero horren inguruan gutxi badakit, irakurtzen hasten naiz, informazioa bilduz, orduan ni neu enteratzen naiz eta besteekin partekatzen dut». Arrakalako entzuleek eta Arrosa sarearen programazioa hedatzen duten beste irratiek uda osoan zehar izango dute aukera Oier Gorosabalek azaldutako bitxikeriez jabetzeko.