GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria

«Klik egin euskarari»

Edozein auzitan, aurrera egiteko benetan aukera bakarra dagoenean, horri heldu eta aurrera egitea komeni da. Baina, zer egin daiteke, hautabide hobeak izan arren, aukera jakin bat aukera bakar gisa aurkezten digutenean? Lehenik eta behin, zergatiei buruz itaundu. Hortik aurrera, hautabide horiek zergatik hobetsi behar diren azaldu behar dugu. Horixe egiten du Esnaolak, Lakuako Gobernuaren eta Microsoft-en jokabidea salatuz eta, gainera, teknologia berrien arloan euskara garatzeko software librearen abantailak argi azalduz.

Ekainaren 25ean aurkeztu zuten kanpaina Donostian (www.microsoft.com/spain/eus/). Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, eta Microsoft Iberica-ko lehendakari Rosa Garciak eman zuten berria: Microsoft-en azken produktuak diren Windows Vista sistema eragilea eta Microsoft Office 2007 ofimatika paketeak euskaraz erabili ahal izango dira aurrerantzean. Eusko Jaurlaritzaren eta Microsoft-en eskutik dator, beraz, ustez, euskara eta teknologia berriak uztartzeko azken kanpaina hau.

Baina Microsoft-en eta Eusko Jaurlaritzaren azken iniziatiba honen aurretik eta hau gabe ere, teknologia berriak euskaraz mintzo dira. Kanpainaren ekarpena, beraz, hala saldu duten arren, ez dator euskaraz klik egitearen aukera-askatasunetik, Microsoft-ek euskararen balore ekonomikoa eta, era berean, euskararen merkatua aitortzetik baizik. Bai? Baina zergatik? Microsoft-ek euskara bultzatu nahi al du? Etorkizun teknologikorik aurreikusten ote dio? Euskara benetako merkatua ote da Microsoft-entzat? Ez ote da, bada, bere azken produktuak merkaturatzeko saiakera izango? Ez al da kasualitatea izango Windows Vista eta Microsoft Office 2007 ez direla Microsoft-ek nahi adina saldu? Noren prestigio, ospe eta kontsumoa handitu nahi dute: euskararena ala Microsoft-en azken produktuena?

Deigarriak bezain kezkagarriak izan ziren Miren Azkarateren eta Patxi Baztarrikaren hitzak aurkezpen ekitaldian. Esan zutenagatik baino, esan ez zuten guztiagatik egiten zaizkit kuriosoak niri.

Ez omen dira asko «hizkuntza aniztasunarekiko jarrera hain irekia eta positiboa erakusten duten enpresa multinazional handiak». Akaso euskarak multinazional handien beharra al du teknologietara jauzi egiteko? Ez al da existitzen bestelako jauzirik? Eta sinetsi egin behar ote dugu multinazional handi horien eskuetan dagoela euskararen etorkizun teknologikoa? Are larriago, Eusko Jaularitzak multinazional handien eskuetan utzi nahi al du euskararen etorkizun teknologikoa?

Diotenez, «merkatuak etengabe eskaintzen ditu produktu teknologikoak eta bezeroek dauden hizkuntzan kontsumitzen dituzte». Eta horrexegatik, oso garrantzitsua omen da Eusko Jaurlaritzarentzat, «teknologia horiek euskaraz ere eskuragarri daudela ziurtatzea». Zein merkatuz ari dira? Softwaregintzaren munduko multinazional handiez? Ez al dago bestelako merkaturik? Ez al dago teknologietan euskararen presentzia bermatzeko bide motz, merke eta justuagorik? Euskarazko teknologiak kontsumitu egin behar al dira? Eta kontsumitu egin behar badira, soilik multinazionalen eskuetatik datorrena ote da erabili behar den euskarazko teknologia? Ez al dago besterik?

Diotenez, halaber, Eusko Jaurlaritza euskara sustatzeko «ahalegin handiak egiten ari da esparru guztietan, eta teknologia berrien esparruan bereziki». Egia da Microsoft-ek dena delako produktuak euskaraz eskaintzea albiste ona dela, bere produktuak gehiengo zabalak erabiltzen dituelako. Baina Microsoft-ek berak erabakitzen du noiz ireki eta itxi ateak euskarari. Horrelako multinazionalekin hitzarmenak egitea ote da euskarazko teknologien erabilera (kontsumoa?) sustatzeko biderik eraginkorrena? Eraginkorra al da bada?

«Euskararentzat, herritarren hizkuntz aukeraren aurreko berdintasunaren garapenarentzat eta munduko hizkuntz aniztasunarentzat onuragarria» den albistea omen da Microsoft-ek bultzatutako marketin kanpaina hau. Baina zein da marketin kanpaina horren helburua, hizkuntz aniztasunaren garrantzia aitortzea? Eremu urriko hizkuntzen garapena sustatzea? Ala bere produktuak jendarteratu eta ezagutarazteko beste marketin kanpaina bat gehiago ote da? Hizkuntza aniztasunaren sustapena da helburua, ala bitarteko hutsa da bere produktuen salmentarako?

Diotenez, «denbora asko baino lehen, teknologiak izango dira herri garatu eta ez garatu ez ezik, hizkuntza garatu eta ez garatuak ere bereiziko dituztenak». Eta beraz, «euskarak garai berriotako teknologiez baliatzen den neurrian bakarrik sendotuko du bere lekua hizkuntza garatuen artean». Nork jartzen du euskara lehen mailako beste hizkuntzen parean, Microsoft-ek? Zein software motak irekitzen dizkie ateak hizkuntzei, eremu urrikoak izan edo ez? Teknologietaz baliatzeko bide bakarra, Microsoft-en produktuak euskaraz izatea al da? Ez al da nahikoa erabiltzaile euskaldunek teknologiekin euskaraz mintzatu nahi izatea? Eta erabiltzaile euskaldunak programak euskaratzeko gai badira, zergatik egon Microsoft-ek bereak euskaratu zain? Ez al dago enpresen interes eta erabakiak tartean sartu gabe hizkuntz komunitateen nahi eta behar teknologikoak errealitate bihurtzeko bide teknologikorik?

Eskertzekoa da Microsoft-ek egin duena», egia da. Ez diogu bere iniziatiba guztiz zapuztuko. Baina deigarria ere bada erabiltzaile euskaldunei egiten dieten deia: «Orain Microsoft-i erakutsi behar diogu merezi izan duela bere ahaleginak, erakutsi behar diogu Microsoft-en produktuen kontsumitzaile ugari garela bere tresna berrienak euskaraz erabiliko ditugunak». Zein da beraz marketin kanpainaren helburua? Noren interesak daude atzean? Zein da azken helburua, euskara sustatzea? Seguru?

Teknologia, garapena, globalizazioa, Microsoft, software kontsumoa, euskara, hizkuntz aniztasuna eta erronka dira beren agerraldian gehien errepikatu zituzten hitzak. Garrantzitsuak zinez, iberiar penintsulan bizirik dirauen erromatarren aurreko hizkuntza bakarra baita euskara, eta berebiziko garrantzia baitu, gaurdaino bezala, euskarak garaian garaiko beharretara egokitzeko duen gaitasunari bide ematea. Baina horrexegatik esan dut, han esandakoek baino, ez esandakoek harritzen nautela.

Euskara eta teknologiak oinarri dituen kanpaina honetan, jakina, «software librea» kontzeptua ez da aipatu ere egiten. Normala da, Microsoft-en marketin kanpaina batez ari baikara. Baina noiz mintzatu da Eusko Jaurlaritza software libreak euskara eta gainerako eremu urriko hizkuntzei irekitzen dizkien aukerez? Software librearen munduan, teknologien euskaratzea ez dago enpresa baten erabakiaren mende. Software libreak programak beste hizkuntzetara itzultzeko aukera (lokalizazioa deitzen zaio) hizkuntz komunitatearen eskuetan uzten du. Nola garatuko dira bestela eremu urriko hizkuntzak teknologien munduan? Nola plantea daiteke hizkuntza baten etorkizun teknologikoa enpresa baten eskutik soilik? Zergatik ez dute software libreak eskaintzen dituen aukerez hitz egiten? Zergatik ez zaio interesatzen Eusko Jaurlaritzari software librearen gaineko marketin kanpainarik egitea? Eta zer dago «klik egin euskarari» kanpainaren atzean, euskara sustatzea ala Microsoft-ekin duten harremana estutzea? Zein da benetako interesa, euskara sustatzea ala teknologia mota bat eta bakarra dagoela jendarteratzea? Zergatik ezkutatzen dute software librea?

Oker dabiltza. Software librea da euskararen garapen teknologikoa euskarak eta erabiltzaile euskaldunok behar dugun erritmora aurrera eramateko bide bakarra. Software librea da euskararen garapen teknologikoa modu aske batean burutzeko aukera eraginkor bakarra. Eusko Jaurlaritzakoek ere ondotxo dakite, baina ez zaie interesatzen.

Hizkuntzen Nazioarteko Urtea den honetan, hobe lukete berriki aurkeztu duten «Pixka bat es mucho» kanpaina software librearen sustapenari aplikatuko baliote. Hor bai, egiten duten minimoa, asko izango da. Asko euskararen garapen teknologikorako, hizkuntz askatasunerako, berdintasun eta justizia teknologikorako, eta bai euskararen izaerari estuki loturik doan kultura teknologiko baten sustapenerako ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo